Duela egun batzuk kalean tirokatua izan zen Peter De Vries kazetaria, Herbehereetan eta mundu mailan oso ezaguna bere ikerketa kazetaritza lanengatik. Ostegun honetan hil da 64 urterekin. Zenbait iturriren arabera, narkotrafikoarekin lotura duten sareek mehatxaturik zegoen bere lanaren ondorioz.
Peter De Vries kazetaria hil da duela egun batzuk Amsterdamen tirokatua izan eta jasandako zaurien ondorioz. Ikerketa kazetaritzan espezializatua, hilketaren egileak zein diren oraindik ez dakite, baina poliziak hiru lagun atxilotu ditu –horietako bat ondoren aske utzi dute, kasuarekin zerikusirik ez duelakoan–.
Herbehereetan oso ezaguna zen De Vries, ibilbide luzea baitzuen egina ikerketa munduan, eta poliziaren eta auzi judizialen zelatari ere izan zen. Hainbat iturrik azaldu dutenez, narkotrafikoan inplikaturiko jendeek mehatxaturik bizi zen gaur egun, baina ez zuen eskoltarik.
De Vries hainbat aldiz saritua izan zen, besteak beste 2008an Emmy Nazioarteko saria irabazi zuen, aktualitate arloan. Freddy Heineken garagardogile aberatsaren 1983ko bahiketari loturiko ikerlan batengatik ere ezagun egin zen kazetaria 2013an, eta Herbehereak eta Afrika iparraldea lotzen zituen mafia-sare bateko buruzagiaren inguruan egindakoagatik ere bai.