argia.eus
INPRIMATU
PESA, nork galdu du nor?

Maite Txantxikua 2022ko abenduaren 21

Askotan galdetu izan diot neure buruari, zertarako joaten ote garen jolas-parkeetara, gurean entretenimendurik onena dugunean, orain prezio erdian, gainera! Baina, tamalez, etorkinek, agureek eta gazteek baino ez dakite ondarea estimatzen.

Gaur bertan, abentura zirraragarria bizi izan dut goizean goiz. 06:30etan igarotzen da Oñatitik Bilbora doan autobusa (hurrengoa 13:00ean da). Ilargi zoragarria, bete-betea; bidaia luzea iragarri dit aurretik. Nirekin batera beste bost lagun Oñatiko Posta geltokian, zain. Jo dute 07:00ak, gu bertan, ilargi beteari so, erlojuari gero, urduri eta sutsu antzean. PESAko ordutegian egiaztatu, behin eta berriz, eta baietz, autobusak orain dela ordu erdi han behar zuela. “Ez da igaroko”, bota du batek. Bere lasaitasun itxurak eta hasperen ernegatuak zera iradoki digu: “Hau ez da lehenengo aldia”. Ostirala da, astearen zamak eta lanera joan beharrak are zirraragarriago bihurtzen du gertaera. Zer egin, nola iritsi helmugara? Autobus geltokiko pantailarantz biratu dut burua, ea oharren bat aurkituko (“ah, ez dago pantailarik, noski!”); tira, goazen PESAko telefonora deitzera, “hara, 07:30 baino lehen ez dago arreta zerbitzurik!”.

Zumarragara doan autobusa igaro da, gidariari galdetu diogu, eta “etorriko da” esan digu, sinesgarritasun zalantzagarriarekin. Hurrengo gidariari galdetu, eta dei egin du: “Bai, matxura bat izan du eta oraintxe etorriko da”. Zain geundenotatik batzuek San Prudentziora egin dute, besteok, ostera, han bertan eutsi diogu itxaronaldiari. Agurtu gaituzte: “Hurrengo autobusa Arrasatetik irteten da, gu hara goaz”, “Zein ordutan?”, “08:00etan”. Hurrengo autobusa Bilbora, ordu eta erdi beranduago!!! Besteok zain gelditu gara. Zain. Zain. Zain. 07:30ak jo dute. Zain. PESAko telefonora berriz. “Autobusak matxura izan du eta 07:00etarako San Prudentziotik igaro da”. Joan egin da... San Prudentzion denok egin dugu topo berriz, 08:00etan Arrasatetik irtengo den autobusa hartzeko itxaropenez. San Prudentzio, jolas-parkearen bigarren geltokia: xarma izugarria duen geltoki iluna, handik igarotzen diren hamarnaka auto-gidarien erakusleiho, zabor tartean giro eta komunera joateko aukerarik gabe. Ordu eta erdi igaro zaigu. Piiiip. Barruan gaude, Bilbora!

Gustatuko litzaidake hau bitxikeria barregarri eta xelebrea baino ez balitz. Zoritxarrez, autobusa aukeratzen dugunok esan genezake hori Debagoienako garraio publikoaren kudeaketa negargarriaren beste adibide bat baino ez dugula. Gipuzkoako bailara honetan autobusa hartzen dutenek ez dute hura hartzeko hautua egiten, beharrak bultzatuta doaz garraio publikoan, gure inguruan bizi diren pobreak dira, autobusa hartu beste aukerarik ez dutenak. Zintzoak izanda, nekez erabakiko luke inork lanera ordu eta erdi beranduago iristea planeta salbatzeko.

Bukatzeko, eta hauteskundeak gertu ditugula kontuan izanda, gogorarazi nahiko nuke mugikortasun jasangarria sustatzea ez dela soilik ekologiaren izenean aurrerapausoak ematea; justizia sozialaren alde egitea ere bada.