Perun protestak hasi eta hilabete baino gehiagora, Dina Boluarte behin-behineko presidentearen gobernuak larrialdi egoera ezarri du Liman eta herrialdearen hegoaldeko eskualdeetan. Oraingoz, Poliziak ia 50 lagun hil ditu, ia denak indigenak eta andetarrak, eta giza eskubide urraketa larriak salatu dituzte hedabide independenteek.
Perun abenduaren 7an Pedro Castillok parlamentua disolbatu eta konstituzio hauteskundeak deitzeko saiakera egin zuenetik, dozenaka dira protestetan hildakoak. Eguberritako atsedenaldiaren ondoren berpiztu dira mobilizazioak Punon, Titicaca laku ondoan, baina eskualde gehiagotara zabaldu dira, Cuscora esaterako, baita Lima hiriburura ere.
Juliaca hirian poliziak hamazazpi lagun sarraskitu zituen pasa den astean eta Cuscon Remo Candia Guevara nekazal buruzagia hil dute tiroz. Orduz geroztik tentsioak gora egin du eta herritarrek ehun errepide baino gehiago blokeaturik dituzte momentu honetan. Liman, berriz, manifestazio jendetsuak iragartzen ari dira, eskualdeetako jendeek ibilaldiak antolatu baitituzte hiriburura. CGT sindikatuak, Peruko garrantzitsuenetakoak, greba orokorra deitu du ostegun honetarako.
Castillo kargugabetu eta kartzelaratu ondoren, haren ordez jarritako Dina Boluartek eta bere exekutiboak larrialdi egoera ezarri dute urtarrilaren 15etik aurrera, hilabetez gutxienez. Larrialdia Puno, Cuzco, Callao eta Limako eskualdeetan ezarri dute, baita hegoaldeko beste hainbat probintziatan eta errepide Panamerikarra dagoen eremuetan ere.
Leku horietan ejertzitoak esku hartu dezake, eta Peruko egungo konstituzioak eskaintzen dituen hainbat eskubide bertan behera geratu dira.
Tiroak burura eta bularrera
Gutxienez 50 lagun hil dira jadanik protestetan, gehienak poliziak eraso ostean. Ojo Público hedabideak agenteek egindako giza eskubideen urraketa ugari jaso ditu, hainbat testigantza eta dokumenturen bidez. Hala, Ayacuchon hildako hamar gazteei egindako nekropsien txostenek adierazten dute suzko armekin bularrean eta buruan jasotako tiroen ondorioz hil zirela.
Indarraren erabilera erabat desproportzionatua izaten ari dela dio hedabide horrek: Segurtasun indarrek negarra eragiteko gasa helikopteroetatik jaurti dute eta poliziak etxebizitza pribatuetara sartu dira eraikinetatik manifestariak erasotzeko, azaldu duenez.
Atxilotuei emandako tratu txarren lekukotzak ere jaso ditu, polizia-etxean kolpatuak izan direla salatu dute askok eta jatekorik ez diela eman egun askotan.
Ketxuen eta aimaren haserrea
Manifestariek Peruko Kongresua desegitea eskatzen dute, eta 2023an konstituzio hauteskundeak deitzea –gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1993an onartu zen, Alberto Fujimoriren aginte garaian–. Pedro Castillo presidente ohiaren askatasuna ere eskatzen dute.
Hegoaldeko eskualdeetan hartu du indarra batez ere protestak, gehiengo aimara eta ketxua den tokietan, eta Peruko lurralde behartsu eta esplotatuenetan –meatze gehienak hor kokatzen dira–. Hain justu, Castillok bere aldeko botoen zati handi bat eskualde horietan lortu zuen 2021eko ekainean presidentetza lortzeko Keiko Fujimoriren gainetik.
Urte eta erdi honetan, baina, Parlamentuaren bidez oposizioak gogor egin du Castilloren kontra –honek bere hauteskunde promesei muzin egin behar izateraino–, eta analista askoren ustez indigenek euren kontrako eraso arrazistatzat sentitzen dute Limako elite politiko eta ekonomikoen jarrera hori.