argia.eus
INPRIMATU
Perun antzututako ehunka mila emakumeren testigantzak jasotzen dituen webgunea sortu dute
  • Fujimoriren garaian esterilizazioaren biktima izandako emakume indigenei ahotsa emateko proiektu bat sortu dute Perun: Quipu. Telefono deien bitartez testigantzak konpartitzeko eta mundura zabaltzeko aukera ematen die.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 14a
Quipu proiektuko partaideak. (Arg.: Quipu Project)

90eko hamarkadan Alberto Fujimori presidenteak esterilizazio kanpaina bat martxan jarri zuen Perun, inguru pobreenetako jaiotza-tasa gutxitzeko helburuarekin. Genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak egotzi zizkioten. 272.028 emakume antzutu zituen lau urtean, gehienak indigenak. Haien historiak, baina, isilduta egon dira urteetan, ordezkaritza instituzionalik ez dutelako, eta erakundeetan euren hizkuntzak, kitxuak, ez duelako tokirik. Orain, Fujimoriren dimisiotik bi hamarkada igaro ondoren, ahotsa eta babesa lortu dute, testigantzak batzen dituen egitasmoari esker.

Inkek zerabiltzaten kontabilitate sistema batek inspiratu ditu sortzaileak: Kipua, sokekin eta korapiloekin sortutako komunikazio tresna zaharra. Dohaineko telefono linea baten bitartez, emakume indigenek euren historiak kontatu eta besteenak entzun ditzakete. “Mezu bakoitza soka bat da, erantzun bakoitza korapilo bat”, diote webgunean.

Testigantza horiek Londresen dagoen talde bati heltzen zaizkio, eta hark transkribatu, itzuli eta mundu osora zabaltzen ditu, sarearen bitartez. Kasu askotan, historiak emakumeen etxeko lau paretetatik ateratzen diren lehenengo aldia izango da.

Peruko eskualde kaltetuenetaraino joaten dira Quipu taldeko partaideak, Andeetako eta Amazonaseko herrixka behartsuenetaraino. Geroz eta lekukotasun gehiago lortzen ari dira, eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko asmoa dute, auziak zabaltasun globala har dezan. Proiektuaren azken helburua memoria kolektiboko artxibo bat sortzea da, antzutzearen arazoa argitara ateratzeko eta gertatutakoa inoiz ez errepikatzeko. Proiektuaren sortzaileek Amnesty Internationalen babesa dute eta tokian tokiko emakume erakundeekin elkarlanean ari dira.