argia.eus
INPRIMATU
Peruko resigaro hizkuntzaren azken emakumezko hiztuna hil dute
  • Galtzeko zorian dagoen Peruko resigaro hizkuntzaren azken emakumezko hiztuna zen 67 urteko Rosa Andrade. Azaroaren amaieran hil zuen bere etxean sartu zen gizonezko batek. Andraderekin, geratzen ziren resigaroaren hiztunen erdia hil zen.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 21
Rosa Andrade, resigaroaren azken emakumezko hiztuna. (Arg.: Alberto Chirif)

Peruko oihanean bizi zen Andrade. Bertako hizkuntza da resigaroa, boren, witotoen eta ocainen artean gutxiengo den hizkuntza. Amazoniako 43 hizkuntzetako bat da. Egun bere 65 urteko anaia Pablo Andrade da hizkuntzaren azken hiztuna, berarekin batera galduko da. Rosa Andrade galtzeko zorian dagoen ocaina hizkuntzaren azken 40 hiztunetako bat ere bazen. Aita ocaina zuen eta ama resigaroa, biak Amazoniako herri indigenak.

Rosa Andradek egunero erabiltzen zuen hizkuntza Peruko La Republica egunkariak adierazi duenez. Abesten eta ispiluaren aurrean hitz egiten praktikatzen zuen, hitzak ez galtzeko asmoz. “Bere heroitza galera ikaragarria da Peruko kulturarentzat eta, batez ere, gizateriarentzat”, azaldu du Alberto Chirif antropologoak.

Andraderen heriotza baino hilabete lehenago, Peruko Kultura Ministerioko Hizkuntza Indigenen zuzendari Agustin Panizok resigaroaren dokumentaziorako proiektua abiatu zuen bi anai arrebekin. Kultura Ministerioaren arabera 2007an eginiko erroldaren arabera 97 pertsonak zioten ocaina hitz egiten ikasi zutela eta 37k resigaroa, baina ez dago hauen berririk. “Ez dakigu horietatik zenbatek mantendu duten hizkuntza, ezta zenbat hil diren”, adierazi du Panizok.

Andraderen heriotza

Hiltzaileak burua moztu zion eta bularra ireki ondoren bere bihotza eraman. Bi krimen egin ziren azaroaren 25eko gauean. Rosa Andraderen eta resigaroaren hilketak. Susmagarri nagusia inguruko herri bateko gizon bat da, epailearen aginduz libre geratu dena.

Andraderen ilobaren ustez enkargu bidezko hilketa izan zen. Susmagarriari Andraderen odola zeukan poltsa bat aurkitu ziotela adierazi du. Bestalde, familia kexu da fiskala duela urtebete Andraderen semearen hilketa artxibatu zuen bera delako.