argia.eus
INPRIMATU
Peruk manifestazioetan gehiegizko indarkeria erabili duela berretsi du NBEk
  • Nazio Batuen Erakundearen txosten batek Peruko Gobernuari egozten dio indarkeriaren gehiegizko erabileraren ondorioz 60 pertsona baino gehiago hil izana. Ehunka zauritu ere izan ziren. 

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 24a
Gobernuaren aurkako manifestazioa Liman. Argazkia: NBE.

Clemente Voule NBEko kontalari bereziak kezka adierazi du Peruko istiluetako operazio polizial eta militarretan izandako hildako kopuru handiagatik: "Harrituta eta larrituta geratu nintzen, gehiegizko indarkeriak eta neurrigabeak manifestarien eta ingurukoen heriotzak eragin zituen". 

Hala, Voulek gaineratu du Peruko Gobernuak manifestazioetan giza eskubideak eraginkortasunez bermatu behar dituela, eta protestetako biktimen sufrimendua aitortu behar duela.

Era berean, gogoratu du 2022ko abenduan Peruko presidente Pedro Castillo kargugabetu eta atxilotu zutela, larrialdiko gobernua ezartzeko erabakia jakinarazi ostean. Horregatik, estatu kolpea antolatu izana leporatu zioten. Gertaera horiek mobilizazioak eragin zituen herrialde osoan.