Ostegun honetarako manifestazio handia espero da Liman Dina Boluarte kargutik kendu, parlamentua desegin eta Perurentzako beste konstituzio bat eskatzeko. Herritar asko autobusez eta kamioiez karabanetan antolatuta iritsi da hegoaldeko eskualdeetatik herrialdeko hiribururaino.
Urtarrilaz geroztik protestak areagotu egin dira Perun, Pedro Castillok presidente ohiak parlamentua desegin eta konstituzio hauteskundeak deitzen saiatu ondoren sorturiko krisi politiko eta sozialaren ondorioz. Hegoaldeko eskualdeetan izan dute orain arte indar gehien mobilizazioek, Puno, Apurimac, Arequipa edo Cuzco bezalako Andeetako lurralde indigenetan.
Baina ostegun honetarako mobilizazio handia espero da Liman, probintzietako herritarrak egunak daramatzate herrialde bazterretako errepide blokeatuak igaro eta hiriburura eramango dituzten karabanak antolatzen. Salatu dutenez, poliziak hainbat karabanari igarobidea eragotzi die. Hala ere, asko dira abiatu direnak eta herritarren agurra jaso dutenak, sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daitekeenez.
#CUSCO | Población cusqueña despide a las delegaciones que parten hacia la ciudad de Lima para continuar exigiendo la renuncia de @DinaErcilia, adelanto de elecciones para este año y Asamblea Constituyente. #vocesComunitarias
?? @chilo15w, corresponsal de Wayka en Cusco pic.twitter.com/e9lK7LaCCb
— ?? Wayka? (@WaykaPeru) January 17, 2023
"Limaren hartzea" edo "Lau Suyuen Marcha" ere deitua –suyu-ak inken inperioko puntu kardinalak ziren– mobilizazioa komunitate indigenek eta herritarren elkarteek deitu zuten hasiera batean, eta CGT Peruko sindikatu nagusiak, unibertsitate ikasle taldeek –Limako San Marcos Unibertsitate Nazional Nagusia epizentro dutela– eta beste hainbat erakundek babestu dute gerora.
Dina Boluarte behin-behineko presidentearen gobernuak ere egunak daramatza herritarrak ohartarazten, gerta litezkeen istiluen aurrean: "Esan dute odol-ibaiak egongo direla, ez dugu halakorik nahi", adierazi du genozidioagatik ikertua izaten ari den Boluartek. Horretarako, 10.000 polizia baino gehiago prest dituztela jakinarazi dute eta hiriko puntu nagusiak hesitu dituzte jadanik. Gainera, nazioarteko aireportuak ixten ari dira, Arequipakoa kasu.
Más de 10 mil efectivos de la @PoliciaPeru se encuentran concentrados en la Unidad del #Potao para desplegarse a sus emplazamientos; van a resguardar, controlar y dar toda la seguridad en la marcha para mantener el orden interno y público del país. pic.twitter.com/jq2b4mjGuP
— Policía Nacional del Perú (@PoliciaPeru) January 19, 2023
Urtarrilaren erdialdean larrialdi egoera ezarri zuten hainbat eskualdetan eta Lima hiriburuan, protestak areagotu zirenean. Poliziaren oldarraldien ondorioz gutxienez 50 lagun hil dira protesta horietan –azkeneko biak astearte honetan bertan Punon–, eta hainbat hedabide independentek baieztatu dute giza eskubide urraketa larriak egin dituztela agenteek.
Indigenen estigmatizazioa
2021eko ekainean Castilloren alde bozkatu zuten hegoaldeko herritar xume eta nekazariek euren kontrako eraso gisa hartu dituzte geroztik Peruko Parlamentutik eskuinak beste politika berdinzalegoa batzuk aurrera eramateko jarritako oztopoak eta, orain, Boluarteren maniobra politikoak ere horrekin lotzen dituzte. Baina haserrea gehiago handitu da, protesten aurrean elite politikoek izandako erreakzio arrazistarekin.
"Lotura handia dago "egungo krisi eta deskontentu sozialaren eta herrialdeak dituen desberdintasun historiko eta egiturazkoen artean"
Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordeak (CIDH) bisita egin berri du herrialdera, eta esan du komunitate indigenekiko arrazakeria eta estigmatizazioa sumatzen dela zenbait diskurtsotan. Nekazal indigenak "senderistak" –Sendero Luminoso taldeko jarraitzaileak– "terroristak" eta "indioak" direla errepikatu dute behin eta berriz agintariek eta hedabide nagusiek, edota narkotrafikoarekin lotura dutela.
CIDHko lehendakariorde Stuardo Ralónek adierazi du lotura handia dagoela "egungo krisi eta deskontentu sozialaren eta herrialdeak dituen desberdintasun historiko eta egiturazkoen artean".
Iragan kolonial horrek utzitako zauri arrazisten inguruan idatzi dugu, hain zuzen, aste honetako Net Hurbil sailean, Peruko hegoalde pobreak lurra du aldarrikatzen eta egurra du jasotzen izenburua daraman erreportajean.