argia.eus
INPRIMATU
Adinekoek paseoan atera ahal izango dute larunbatetik aurrera Hego Euskal Herrian
  • Espainiako Osasun ministro Salvador Illak jakinarazi du berria, maiatzaren 2tik aurrerako arintze neurrien inguruko xehetasunak ematean. Alarma egoera maiatzaren 9az harago luzatu daitekeela ere iragarri du.

     

     

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 26a
Argazkia: Dani Blanco.

Gaitzaren bilakaera positiboa mantenduz gero maiatzaren 2tik aurrera adineko pertsonek paseoan ateratzeko aukera izango dute. Larunbatean Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek konfinamenduaren arintze neurriak iragarri zituen: “Maiatzaren 2tik aurrera jarduera fisiko indibiduala eta ibilaldiak egiteko aukera izango dugu”. Igandean, Osasun ministroak Sánchezen hitzak ñabartu ditu: “Gobernuko presidenteak esaten duenean maiatzaren 2an paseatzera irten ahal izango dela, adineko pertsonak ere paseatzera atera ahal izango dira”.

Alarma egoera luzatu

Illak azken garaian gaitzaren bilakaera positiboa izaten ari dela adierazi du, baina zuhurtzia eskatu du atzera pausurik ez emateko. Alarma egoera luzatuko ote den galdetu diote kazetariek. Osasun ministroak adierazi du ez dagoela erantzun itxirik ematerik, baina “alarma egoera hamabost egunetan amaituko dela pentsatzea azkarregi joatea” dela.