argia.eus
INPRIMATU
Pertsona migratzaileen erregularizazioaren aldeko jaialdia egingo dute Portugaleten
  • Erresistentzia Migra jaialdia egingo dute larunbatean Portugaleteko Sastraka gaztetxean. Ekimenak estatu mailako #ILPRegularización kanpaina bultzatzea du helburu, Espainiako Estatuan egoera irregularrean dauden herritarren egoera erregularizatzeko.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko ekainaren 17a
Erregularizazioaren aldeko Legegintzako Herri Ekimena abiatzeko sinadura bilketa, Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

Larunbatean, ekainak 18, Erresistentzia Migra jaialdia egingo dute Portugaleteko Sastraka gaztetxean. "Elkar topatu elkarrekin eragiteko" lelopean, egun osoko egitaraua antolatu dute. Antolatzaileen arabera, ekitaldi artistiko-kulturala izango da, eta artista eta sortzaile migratzaileen sorkuntzak ezagutzera emateko plaza bilakatuko dute Sastraka.

Ekimena pertsona migratzaile eta arrazializatuen kolektiboek antolatu dute, helburu argiarekin: Espainiako Estatuan egoera irregularrean bizi diren herritarren erregularizazioa lortzera bidean pauso bat gehiago ematea. Izan ere, ekimenarekin estatu mailako #ILPRegularización kanpaina bultzatu nahi dute, zeinak erregularizazioaren aldeko Legegintzako Herri Ekimena baliatu nahi duen Espainiako Estatuko migratzaileen egoera erregularizatzeko. Kanpaina 500.000 sinadura biltzean datza, horiek parlamentuan aurkeztu eta pertsona atzerritarren erregularizaziorako legea eztabaidatu dadin. Antolatzaileen arabera, legeak milioi erdi pertsona baino gehiago mesedetuko lituzke.

Sastrakara gerturatzen denak aukera izango du kanpainaren alde sinatzeko, eta egunean zeharreko eskaintza kulturalaz gozatzeko. Goizeko 12:00etako azokak emango dio hasiera egitarauari, 12:30ean Arte migra por la #ILPRegularización solasaldia egingo da, 15:00etan indarrak hartu ahalko dira bazkari herrikoiarekin, 18:00etan txotxongilo tailerra egingo da, eta kontzertuek emango diote itxiera jaialdiari. Cristian Vergara, Mawkli, Follow the party eta Hijadelnopal-ek girotuko dute iluntze-gaua.