argia.eus
INPRIMATU
Pertsona migratzaile baten bila ari dira Bidasoa ibaian
  • Apirilaren 18an, muga zeharkatu asmoz, ibaira eroritako pertsona baten bila ari dira Bidasoa ibaian. Iaz zazpi pertsonek galdu zuten bizia Frantzia eta Espainia arteko muga igarotzeko saiakeran, eta aurten batek. Bila ari diren pertsona aurtengo bigarren hildakoa izan liteke.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 27a
Muga zeharkatu asmoz hildakoen oroimenez, loreak Bidasoa ibaiaren ertzean (Argazkia: Irungo Harrera Sarea) Muga zeharkatu asmoz hildakoen oroimenez, loreak Bidasoa ibaiaren ertzean (Argazkia: Irungo Harrera Sarea)

Bilaketa lanak abiatu dituzte asteazken goizean Bidasoa ibaian. Pasa den apirilaren 18an, muga zeharkatu nahian, ibaira jausitako pertsona migratzaile baten bila ari dira; desagertua beste bi pertsonarekin batera zioan Endarlatsa inguruetan (Lesaka, Nafarroa) ibaira erori zenean. Eitb-k jakinarazi duenez, desagertuarekin batera zioazen bi pertsonek eman zuten desagerpenaren berri asteartean, pertsona migratzaileei laguntzeko gobernuz kanpoko erakunde baten bitartez.

Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko zerbitzua ari da operazio koordinatzen, eta erreskate lanetan dabiltza Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea zein Hondarribiko Gurutzeko Gorria. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugaren ingurua miatzen dabil Ertzaintza, eta Bidasoako bokalea eta Faisaien uhartean ari da bila Gurutze Gorria.

Frantzia eta Espainia arteko muga gurutzatzeko saiakeran zazpi pertsonek galdu zuten bizia iaz, eta urtea hasi denetik pertsona batek. Martxoan, 24 urteko Ibrahim Diallo itota hil zen Bidasoa ibaian, muga zeharkatu asmoz uretara erori ostean. Bila ari diren pertsona aurtengo bigarren hildakoa izan liteke.