argia.eus
INPRIMATU
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat
  • Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu dituzte, besteak beste: “Kontzientzia sortu nahi dugu lehenengo eta ondoren esperimentatuz teoriatik praktikara eraman”, azaldu du Arianne Kareaga Lanki ikertegiko kideak TuLankide aldizkarian.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko apirilaren 11
Helena Ramirez Migresseko kidea Hernaniko jardunaldian. Argazkia: KoopFabrika

KoopFabrika programatik irtendako ekimena da Hegoaldetik, pertsona migratuen artean ekintzailetza kooperatiboa sustatzeko. Enarak kooperatiba du bultzatzaile, emakume migratuei ahalduntzeko formazioa eta aholkularitza eskaintzen diena, eta OlatuKoop sarea eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Lanki ikertegia ditu bidelagun.

2023ko ekainean aurkeztu zuten ekimena Hernaniko Iturola Sorgunean, eta haren inguruko zertzelada batzuk eman zituzten orduko hartan. Ekonomia sozial eraldatzailea pertsona migratuei hurbiltzea da helburu nagusia: “Sare bat sortu nahi dugu, pertsona migratuok ditugun beharrei eta zailtasunei aurre egiteko eta ekonomia eraldatzailearen bidez gure bizitzak duinduko dituzten alternatibak bilatzeko”, azaldu zuten Hernaniko Kronikak jaso zuen moduan.

Azken batean, migratzaileen bizitza-proiektuak hobetzeko tresna kooperatiboa da Hegoaldetik, eta horretarako “arnasa luzeko elkarlana” dute oinarri. Aipatu eragileez gain, Hernaniko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, La Comala lan eta zerbitzu kooperatiba eta Bartzelonako Migress kooperatibarekin ari dira eskuz esku, “kooperatibismo eraldatzaile, feminista eta antiarrazista” indartu asmoz.

“Sare bat sortu nahi dugu, pertsona migratuok ditugun beharrei eta zailtasunei aurre egiteko eta ekonomia eraldatzailearen bidez gure bizitzak duinduko dituzten alternatibak bilatzeko”

"Gu ere hemen gaude, ekonomia popularra egiten"

Hernanin, urrian jardunaldi batzuk antolatu zituen Hegoaldetik ekimenak, Ertzeko bizitzak eraldatzeko ekintza kooperatiboa izenekoak, eta bertan izan zen Migress-eko kide Luz Helena Ramirez, Bartzelonan bizi den migratzaile venezuelarra: “Pertsona migratzaileak gure errealitateen esperientzia soinean dugula etorri gara, gure kultur testuinguruarekin, eta gu ere hemen gaude, ekonomia popularra egiten. Horrek aberastu egin behar du ekonomia eraldatzailea, baina aldi berean, ekonomia eraldatzaileak tresna bat izan behar du, administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonen egoera erregularizatzeko”, azaldu zuen.

Hitzaldi zikloan Ramirezek ez ezik beste hainbat lagunek ere hitz egin zuten, tartean Arianne Kareaga Huhezi fakultateko Lanki ikertegiko irakasle eta ikertzaileak. Hain zuzen, duela gutxi TuLankide aldizkarian elkarrizketa egin diote Hegoaldetik ekimenaren inguruan: “Helburu orokorra da proiektu kolektiboak sustatzea, bide-laguntza eta prestakuntza eskaintzea kolektibo horiei, pertsona migratuei, euren proiektu kooperatiboak martxan jar ditzaten”, esan du.

Kooperatibagintzaren agendan

Aurten “marko orokorra” ari dira sustatzen eta aurrera begira formazio saioak jarri nahi dituzte martxan Beterri-Buruntzan, Goierrin eta Debagoienan, eskualde horietako erakundeekin elkarlanean: “Oso zaila da migranteengana iristea gure pribilegio posizioetatik eta horregatik da garrantzitsua eragileekin jardutea edo eta saretuta dauden lekuetan eragitea”, azaldu du Kareagak.

Hegoaldetik ekimenean onuradun asko daude eta “kontzientzia eta testuingurua” sortzea denon ardura dela dio Lankiko kideak; zentzu horretan, azaldu du Mondragonen bertan ere “agendan” dutela gaia

Nolanahi ere, jadanik ematen ari diren urratsak ere nabarmendu ditu. Katalunian ez ezik, Euskal Herrian ere bai. Esaterako, Enarak kooperatibaren eskutik zaintzaren arloan jende andana ari da biltzen eta ez du “utopia” bezala ikusten arlo horretan zerbitzuak eskaintzen dituen kooperatiba bat sortzea, nahiz eta prozesu luzea izan.

Hegoaldetik ekimenean onuradun asko daude eta “kontzientzia eta testuingurua” sortzea denon ardura dela dio Lankiko kideak; zentzu horretan azaldu du Mondragon Taldean bertan ere “agendan” dutela gaia. Bere ustez beharrak eragindako autoantolakuntzan oso trebaturik dauden pertsonak dira migratzaileak, eta segituan barneratzen dituzte kooperatibismoaren balioak: “Ekonomia popularretik, superbibentziako ekonomiatik, antolatu nahi duen edonork eskura izan beharko luke gure programa, bai hemen geratu nahi duenak zein bere herrialdera itzuli nahi duenak”.