argia.eus
INPRIMATU
Pertsona guztien erregularizazioa aldarrikatu dute: “Ez da karitatea, justizia da”
  • Espainiako Kongresuan eztabaidatu eta onartu dadila paperik gabe dauden herritar guztien erregularizazioa, “baldintzarik gabe eta behin betiko”. Hori da Bilbon, Donostian eta Iruñean migratzaileek asteburuan egindako aldarrikapena, Espainiako Estatuko beste hainbat hiritan bezalatsu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko uztailaren 21a
Argazkiak: Ecuador Etxea.

“Pertsona arrazializatu, migratu eta errefuxiatuen borrokak aurrera jarraitzen du eta ez gara geldituko gure eskubideak, askatasuna eta duintasuna aintzat hartu arte”, dio Erregularizazioa Orain plataformak. Pertsona guztiak berehala, behin betiko eta baldintzarik gabe erregularizatzeko eskatu dute eta “agintari guztiek erronka hori modu integralean, inklusiboan eta gizatiarrean har dezatela".

Karitateagatik ez, justiziagatik aldarrikatu dute erregularizazioa, oinarrizko eskubidea dela eta pertsona guztien duintasuna lortzeko lehenengo urratsa dela ulertuta.

Erregularizazioaz gain, baldintzarik gabe Euskal Herrian pertsona guztiak erroldatzea ere eskatu dute, baita guztiz bidegabea eta diskriminatzailea den Atzerritartasun Legea indargabetzea ere.

Emakume migratzaileak, bizitzari eusten diotenak

Indarkeria polizial arrazista salatzeko aprobetxatu dituzte pasa den asteburuko manifestazioak (“profil etnikoaren araberako sarekada arrazisten amaiera eta kale saltzaileen kriminalizarioaren bukaera eskatzen dugu”) eta zaintza lanetan ari diren emakume migratzaileak izan dira protagonista: “Haiek dira, haien gorputzekin, bizitzari eusten diotenak lan baldintza txar eta bidegabeetan”.

Ecuador Etxeak ateratako irudiak Bilboko manifestaziokoak dira. Ehun bat lagun bildu ziren igandean, Atzerritartasun Bulegoaren aurrean.