argia.eus
INPRIMATU
Pertsona ez binarioak aintzat hartu dituzte Argentinako nortasun agirietan, lehen aldiz Hego Amerikan
  • F (femeninoa) eta M (maskulinoa) gaztelaniazko ohiko siglen ondoan X agertuko da gaurtik aurrera Argentinako NAN eta pasaportean. Orain arte NANean genero-identitatea aldatzea bazegoen, baina betiere emakumea ala gizona hautatzeko.

Axier Lopez @axierL 2021eko uztailaren 22a
Dekretuaren aurkezpenean parte hartu zutenak X bat osatzen. Argazkia: Argentinako Presidentetza

Asteazkenean onartutako dekretuaren bitartez, Argentinako Gobernuak hirugarren aukera bat ezarri du nortasun agiri nazionalaren genero aukeraren barruan: X, pertsona ez binarioak legezko dokumentuetan aintzat hartzeko asmoz. Argentina da Hego Amerikan aukera hori txertatu duen lehen herrialdea. Nortasun agirietan gizon/emakume binomioaz gain beste aukera bat eskaintzen duten beste herrialde batzuk badira munduan: Alemania, Islandia, Kanada, AEB edo India, kasu.

Dekretuaren arabera, 'sexua' eremuan X hizkia gehitu dute ondorengo identitateak ordezkatzeko: "Ez-binarioa, zehaztugabea, adierazi gabea, mugagabea... edo maskulino/femenino bikotearen barruan ordezkatuta sentitzen ez den pertsona identifikatzeko bestelako adiera guztiak".

NANean X aukeratu nahi duenak lehenik femeninoa edo maskulinoa ez den beste genero-identitate bat jasota izan beharko du jaiotza-agirian. Jaiotza-agirian beste genero-aukera batzuk adierazteko aldaketa egitea legez baimenduta dago 2012tik. Aste honetako dekretuaren bidez, NANean ez ezik, pasaportean ere isla izango du aldaketak. Gobernuak ohartarazi duenez, X  aukeratzen dutenek oztoporen bat izan lezakete zenbait estatutara sartzeko, gizon edo emakumea aukerez aparte bestelako identitaterik onartzen ez duten horietan.

"Zer axola zaio estatuari herritarren sexu-orientazioa edo norberak beretzat aukeratutako generoa jakitea?", adierazi du Alberto Fernandez Argentinako presidenteak, eta gehitu du helburua beteko dela "cuando todos seamos todes", (denok hitzaren barruan herritak oro ordezkatuta sentitzen denean). Eta bien bitartean, asteazkenean onartutako aldaketari erreferentzia eginez, "ahal den neurrian" egin behar dela aurrera, dio.

Denak ez dira ados: "Ez gara X bat"

Dekretua aurkezteko ekitaldian, Argentinako presidentearekin batera, Elizabeth Gomez Alcorta Emakumeak, Generoak eta Aniztasun ministroak eta Eduardo de Pedro Barne ministroak banatu zieten NAN berritua hainbat pertsonari. Horietako bat Valentine Machado izan zen. Machadok, agiri berria jasotzean, kamisetan idatzitako mezu baten bidez aldarrikatu zuen ezinezkoa dela identitate guztiak letra batekin ordezkatzea. "Nire barne sentimendua ez da X bat", oihukatu zuen beste kide batek gonbidatuen artean.

 

#TodesConDNI taldekoek azaldu dutenez, "Argentinako Estatuak pertsona bakoitzaren genero-identitatearekin bat datozen dokumentuak eman behar ditu". X batek ez ditu ordezkatuko beste bi letrekin (F edo M) identifikatzen ez diren pertsonen askotariko nortasun guztiak, "letra bat gehiago besterik" ez baita.

Argentinako LGBT Federazioak "eskubideen aitortzan aurrerapen historikoa" dela adierazi du, mugimenduen "aktibismoari" esker lortutakoa. Federazioak onartu du, halaber, X-k ez duela gizartean dagoen identitate sorta zabala bermatzen, baina urrats garrantzitsutzat jo du "benetako berdintasuna lortzeko bidean".