argia.eus
INPRIMATU
Pertsona baten heriotza eta gau hotza

Patxi Aznar 2021eko urtarrilaren 04a

Egun batzuk direla, Zarauzko parrokiaren ondoko parkean, lo egiteko zaku batean, pertsona bat hilik agertu da.

Dirudienez, gertaera lazgarria urteko gau hotzenetariko batean gauzatu da, hots, Gabon gauarena. Gainera jazoera hau ez da berria, aurreko urtean gure zonaldean antzeko zirkunstantzietan pertsona batzuk hil baitziren.

Bestalde, oso gogorra da ikustea Donostian gauero kale gorrian zenbat jendek egiten duen lo. Honen harira alkateari esango nioke alternatibarik eman gabe jende horiek konstituzio plazatik kanporatzea ez dela irtenbidea.

Era berean, idatzitako beste idazki batean aterpeetako ateak lehenago irekitzea eskatu nuen, hau da, termometrora bost gradutara jaitsi baino lehen. Eta agintariek kasurik egiten ez didaten bitartean, honetan tematuta jarraituko dut.