argia.eus
INPRIMATU
Pertsona bat Ceutako hesia gainditzen saiatu da, baina Marokora sartzeko
  • Maroko eta Ceuta arteko mugako guardia zibilek lagun bat harrapatu zuten astearte gauean, Etorkinen Aldi Baterako Egonaldi Zentroko txartelduna. Jatorri senegaldarreko gizona hesi bikoitzetik salto egiten saiatzen ari zen, ezohiko norabidean ordea: Ceutatik Marokora. Ceutako El Faro hedabideak eman du horren berri.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 06a
Argazkia: Wikimedia Commons

Etorkina perimetroko errepidean zegoen, lehen hesian, eta prest zegoen bere kideentzat zentzurik izango ez lukeena egiteko. Arrazoiak ezezagunak badira ere, Marokora itzultzeko asmo irmoa omen zuen. El Faroren arabera, ofizialki baieztatuta ez badago ere, egunkariak kontsultaturiko iturriek diote pertsona bera aurretik saiatu izan zela muga norabide horretan igarotzen, igerian ordea.

Aurreko goizaldean zerbitzuan zeuden agenteek geldiarazi egin zuten eta gertaeraren berri eman zuten. Aste honetan antzeko beste gertakari bat jazo da gainera, eta bi gako ditu: ihesaldi saiakera eta hesia. Izan ere, puntu hori aukeratu du Ceutan harrapatuta zegoen marokoar batek bere herrialdera itzultzeko, txarrantxa gaindituz eta kakoa erabiliz. Kasu horretan bai, Marokora heltzea lortu zuen, martxoaren 13tik euren etxeetara itzuli ezinik dauden pertsonetako bat izateari utziz.

Ceutara heltzeko bide arriskutsua gainditzea batzuek lortzen badute ere, asko dira helmugara iritsi aurretik atzeman edo hil egin dituztenak zerbitzuko agente operatiboek, tartean Tarajal badian.