argia.eus
INPRIMATU
Pertsona bat atxilotu dute Leioan, hildako guardia zibil bat sare sozialen bidez iraintzea egotzita
  • Guardia Zibilak Leioako bizilagun bat atxilotu zuen igandean, martxoaren 5ean Barbastron (Huesca) gertatutako trafikoko agente baten heriotzaren gaineko komentario iraingarriak Instagram bidez zabaltzea egotzita; kontrol bat egiten zegoela, ihes egiten ahalegindu zen ibilgailu batek harrapatu zuen hildako guardia zibila. Leioztarrari irain-delitua egotzi diote.

Hiruka .eus 2016ko apirilaren 11
Martxoaren 5ean hildako guardia zibil bat iraintzea leporatzen diote atxilotuari.

Instagram sare-sozialaren erabiltzaile horren komentarioek zabalpen handia izan zuten; baita "beste horren jarraitzaile askoren errefusa" eragin ere, Guardia Zibilaren arabera. Polizia-instituzioak gaineratu duenez, "hala ere, ez zuen kritikengatik burua makurtu eta hildako agentearen memoria laidotzen jarraitu zuen, horrelako esaldiak erabiliz: 'txakur bat da, izorra dadila... zenbat eta gehiago erori hobeto... hildako guardia zibil bat gehiago, terrorista bat gutxiago'...".

Instagram profil horretako ustezko titularra identifikatu ostean, bera atxilotu eta Bilboko Guardia Epaitegira eraman zuten. Institutu armatuaren bertsioari jarraiki, Espainiako erregeari ere irainak egin ei zizkion aurreko batean atxilotuak. Hori dela eta, horren jakitun egin dute Fiskaltza, "beharrezko izapideak egin ditzan".

Albiste hau Hiruka.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.