CUPeko diputatu hautetsia den Anna Gabrielek Catalunya Radion adierazi duenez, zentzugabea litzateke Artur Masen aukeraketaren inguruan piztu den eztabaidak hauteskundeen ostean ireki berri den prozesua oztopatzea.
Gabrielen aburuz, bozaren zentzua ez litzateke presidente baten hautaketara mugatu beharko: “Jendeak herrialde berri bat izateko bozkatu du, eta ez lehendakari bezala bata edo bestea hautatzeko”
Modu horretan, Gabrielek CUPek eredu presidentzialistari uko egiten diola baieztatu du. Haren arabera, aipatu eredua baino, askoz ere aberasgarriagoa litzateke hiruzpalau laguneko presidentzia koral bat osatzea, prozesua pertsonalismotik aldentzea ahalbidetuko lukeena. Izenik ez du aipatu, baina emakumezkoek funtzio erabakigarria izatea nahiko lukeela azpimarratu du.
Gauzak horrela, CUPek elkarrizketak jada hasiak ditu, Junts Pel Si-koekin akordiora iritsi eta prozesuari etenik ez jartzeko. Horren harira, akordiora iristeko aukerez baikortasunez mintzatu da Gabriel: “Oraindik ez dago ezer itxirik. Alta, berandu baino lehen akordiora iritsiko garela uste dut; ulergaitza litzateke politikarion adostasun faltagatik jendearen borondateari erantzunik ez ematea”.
Negoziazioetan CUPek jarriko dituen baldintzei dagokienez, Gabrielek garbi dauka; inbestidurarako ez dute ezinezko baldintzarik jarriko: “135 diputatutatik soilik 10 ditugu, beraz, badakigu ez gaudela exijentzia ikaragarriak jartzeko moduan”.
Ciutadansen gorakada, “Masen ustelkeri eta murrizketen ondorioa”
Ciutadans alderdiak azken hauteskundeetan izandako igoera nabarmenaren arrazoiez galdetuta, Gabrielek gorakada horren erantzukizuna Masi egotzi dio. Haren arabera, Kataluniako jendarteak Artur Mas ustelkeriarekin eta murrizketekin identifikatzen du, eta, horren ondorioz, jendeak alternatibak bilatu ditu. “Ikusitakoak ikusita, agian une egokia litzateke Masentzat alde batera pauso bat eman eta beste norbaiti lekua uzteko”, gaineratu du CUPeko diputatuak.
Elkarrizketako pasarte bat bideoan jaso du Catalunya Radiok: