argia.eus
INPRIMATU
“Pertsiana ezin da eman zigutena baino maitasun eta goxotasun gehiagorekin jaitsi”
  • 37 urteko historia duen beste komertzio batek ostiralean izan zuen bere agurra. Gipuzkoa plazako arkupean eginiko festarekin, Itziar belar-dendak azken aldiz ireki zizkien ateak bere bezeroei, jabe berri batek saltokiaren eraikin osoa erosi eta bertan eraberritze lanak egingo dituelako.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2019ko uztailaren 08a
Saioa eta Bakarne Royo, Itziar Azkune euren amarekin, belar-denda parean aurreskua dantzatu zietenean. Argazkia: Irutxuloko Hitza.

Zer moduz joan zen ostiraleko festa?

Bakarne Royo (B.R.): Ehun bat pertsona elkartu ginen, senide, lagun eta bezero ohien artean, eta energia ederra sortu zen arkupean. Lore sortak eta bonboiak jaso genituen etengabe. Jendeak despeditzeko beharra zuen. Pertsiana ezin da eman zigutena baino maitasun eta goxotasun gehiagorekin jaitsi.

Saioa Royo (S.R.): Denda itxi egin behar genuen. Donostian askori tokatzen ari zaigun errealitate bat da. Baina guk ez genion amaiera triste bat nahi. Amaren, izebaren eta dendaren omenezko festa bat egin nahi genuen, eta geratu zaigun aho-zaporea gozoa izan da, gazi-gozoa baino. Aldaketa bat da, eta bizitzan aldaketak ongi datoz.

Itxiera ziklo baten amaiera gisa bizi duzue, hortaz.

B.R.: Bizitzan gauza gogorrak beste batzuk dira, hori ongi dakigu. Halakoek, noski, hunkitu egiten zaituzte, dendak garrantzi handia izan duelako gure familiarentzat. Baina bakoitzak badauzkagu gure gauzak eta aurrera egin ahal izango dugu.

Jendeak zer esan zizuen festan?

B.R.: Agurtu eta eskerrak emateko festa izan zen. Inguruan zebilen jendeak ea denda bat inauguratzen ari ginen galdetzen zuen tarteka, eta harritu egiten ziren itxiera bat zela esaten genienean.

S.R.: Dendak ireki ohi direnean, ohikoa da festa bat egitea, baina itxiera, aldiz, oharkabean pasatzen da sarritan. Guk festa batekin amaitu nahi izan dugu ziklo hau, eta agurrak beti tristeak badira ere, pozik goaz jaso dugun guztiagatik.

Zuen ama ere hor izan zen.

B.R.: Hasieran oso haserre zegoen gurekin, dendaren itxiera gure errua zela eta hortik ezin ginela joan uste zuelako. Alzheimerra dauka, eta bere onenean ez dagoenez, ez zuen gure egoera ulertzen.

S.R.: Festaren bitartez, ordea, sentsazio txar batekin gera ez zedila bilatu genuen, eta lortu genuen helburu hori betetzea. Senideak eta horrenbeste lagun gertu izanda oso pozik jarri zen. Normalean gauzak ahaztu egiten zaizkio, baina itxieratik hainbat egun pasa diren arren, festan bizitakoak gordeta dauzka oraindik. Hiruok indartuta atera gara.

Dendaren kanpoaldean plaka bat jarri duzue bezeroei eskerrak emateko.

S.R.: Zikloak ongi itxi behar dira. Gertatutakoa digeritu eta aurrera egin, besterik gabe. Eta oso garrantzitsua zen guretzat bidelagun izan ditugun horiei guztiei bihotzez eskerrak ematea.

Zergatik utzi behar izan duzue denda?

S.R.: Jabeek eraikina saldu dute, eta gu alokairuan geundenez, bagenekien lehenago edo beranduago bota egingo gintuztela, etxea berritzeko obrak egin nahi dituztelako. Jabe berriekin gure irteera adostu dugu eta kito. Guk argi genuen lo egin nahi genuela; ez ginela liskarretan hasiko, alegia. Gainera, ez dugu horretarako balio.

Zuekin batera, metro gutxira dauden Bulebarreko itsaskitegia eta Ciprian denda ere itxi egingo dira.

B.R.: Saltoki txikiei oso urte gutxi geratzen zaizkie, hori argi ikusten dugu. Eta ez bakarrik espekulazioagatik. Internetek eta saltoki handiek kalte handia egin diote komertzio txikiari. Urteak daramatzate min egiten, baina aurten are nabarmenagoa izan da.

S.R.: Denda txikiak oso kolokan daude, eta aurreko urtetik honetara gauzak asko okertu dira. Aldaketa bat datorrela dirudi.

Jendeak orain segituan nahi ditu gauzak, eta edozein ordutan gainera. Saltoki handiak egun osoan zehar daude irekita, baina horrenbeste ordutan zehar langileei ordaintzea izugarrizko esfortzua da. Behar dena ordaintzen ez badiezu, noski, ondo joango zaizu. Baina pertsona bati lan egiteagatik ordaindu behar diozuna ordainduz gero, zenbakiek ez dute ematen.

Aurrekoan, McDonald’s eta antzeko negozioetan langileei ordaintzen dietena azaldu zidaten. Pasada bat da. Horrela nik ere ireki dezaket negozio bat, eta egunean 24 orduz gainera! Gu oso ondo biziko ginateke, baina guretzat lanean ari diren horiek ezingo lukete bizi, eta guk ez dugu hori nahi.

Zer galduko da komertzio txikiarekin batera?

S.R.: Bezero askok esan digute ziurrenik denbora gutxira produktuak erosteko beste lekuren bat topatuko dutela, baina sekula ez dutela dendari batekin gurekin izan duten konfiantza edukiko. Bezeroen istorioak ezagutzen ditugu, haiek gureak ezagutzen dituzten bezala. Sartu eta etxean bezala sentitze hori dauka komertzio txikiak.

B.R.: Gainera, adineko hainbat bezerok esan digutenez, pertsona helduak euren erreferentziak galtzen ari dira saltoki txikien desagertzearekin. Urteetan zehar euren egunerokotasunean izandako erreferentziak galdu dituztenez, ez dakite nora jo. Komertzio txiki baten konfiantzatik kanpo, babesik gabe sentitzen dira, eta ondorioz, asko etxean geratzen dira, kalera irten gabe. Hori gauza tristea da.