Iruñean egin dituzte adierazpenak EH Bilduko ordezkariek, emaitzak jakin eta gutxira. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak mezu bat igorri nahi izan dio “Euskal Herria osoari: kanpainaren azken zatian, amets bat eta erronka bat nuela plazaratu nuen, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako botoekin Pernando Barrena enbajadore izatea. Bada, Hego Euskal herriko 280.000 bozkekin, Pernando Barrena da gure enbajadorea”.
“Hiru probintzietan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, itsasaldeko Nafarroan, EH Bildu da lehen indar politikoa”, adierazi du Otegik. Eskerrak eman dizkie boto-emaileei, baita Espainian Ahora República Sí-ri botoa eman dioten herritarrei ere.
Ziklo aldaketa
“Gure herrian ziklo politikoa aldatzen" ari dela aipatu du, eta “gaurkoa horren beste adibide bat” dela. “Gaurkoa historikoa da”, borobildu du, eta amaitzeko, zera nabarmendu du: “Lehen aldiz historian, nire herrian irabazi dugu, Elgoibarren”.
"Euskal Herriak estatu gisa existitzeko duen eskubidea ere defendatuko du EH Bilduk, euskaldunek hala erabakiz gero"
Pernando Barrena EH Bilduko hautagaiak eskerrak eman dizkie kanpainan parte hartu dutenei. “Misioa bete dugu, EH Bilduk eta Euskal herriak diputatu bat izango dute Bruselan bost urtez”, gaineratu du. “Berresten da eskuin muturraren presentzia handia izango dela; indar aurrerakoi eta ezkerrekooi dagokigu aurre egitea joera austerizidei, estatuak handitzearen aldeko joerei, baita joera belikoei ere. EH Bildu eskuin muturraren aurkako gotorlekua izango da”.
"Euskal Herriak estatu gisa existitzeko duen eskubidea ere defendatuko du EH Bilduk, euskaldunek hala erabakiz gero", azpimarratu du Barrenak.
Garaipen handia izan dela eta hurrengo egunetan analisi sakonagoak egingo dituztela azaldu dute ordezkariek.