Mayi Lekuona Artola hondarribiarra duela urteak hasi zen permakulturaren munduan murgiltzen, Kanadan bizi zela. “Lursail txiki bat erosi genuen han, eta hor hasi ginen baratzearekin, oiloekin… bizitza sinplearekin”, dio. Biologia eta ozeanografia ikasketen ondotik, permakulturaren inguruan interesa piztu eta irakurtzen eta bere burua formatzen hasi zen. Urteotan han-hemen –Kanadaren ondotik Japonian ere bizi izan baita– jasotako ezagutza eta esperientziak bilduta, Maïa Permaculture proiektua jarri du martxan duela urtebete eskas. “Permakulturan oinarritutako proiektuetarako aholkularitza eta diseinuak egiten ditut momentu honetan”.
Hiru printzipio etikotan oinarritzen da permakultura: lurraren zaintza, pertsonen zaintza eta bidezko banaketa. “Printzipio horietan pentsatzen dugu edozein diseinu egiterakoan, eta hasiera batean logikoena edo errazena oinarri horiek baratzean edo lorategian aplikatzea badirudi ere, berez, bizitzako esparru guztietara eraman daiteke”, dio Lekuonak. Hain zuzen, haurren hezkuntzan, bizitza pertsonalean edo taldeak osatzeko orduan ere oinarri horiexek darabiltza Lekuonak.
Nekazaritzako esparrura eramanda, berriz, zertan datza permakulturak? Bada, Bidarrain diseinatu berri duten baso jasangarria adibide hartuta, honela laburbildu du hondarribiarrak: “Dibertsitateari begiratzen diogu, espezie desberdin asko egoteari, eta baita baliabideen erabilerari ere. Espezie bakoitzak ematen duena kontuan hartzen da, adibidez, lurrari nitrogenoa ematen diotenak hori behar duten beste landare batzuen onurarako landatuz. Bestetik, bertako landareak erabiltzen dira, eta ongarrirako konposta”. Sistema bere osotasunean ulertzean eta kontuan izatean datza, beraz, eta horren barruko elementu bakoitza, bere funtzioen arabera, ongi aukeratzean.
Bioterran izan zen Lekuona Maïa Permaculture proiektua aurkezten, eta hango koordinatzailearekin hizketan, konturatu ziren apenas dagoela permakulturari buruzko edukirik euskaraz; hareago, berea zen euskaraz topatu zuten webgune bakarra. “Nire helburuetako bat bada permakultura Euskal Herrian eta euskaraz bultzatzea. Tira, honetan ari den jendea badago, baina ez, esaterako, Katalunian bezalako mugimendurik”, dio. Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino askoz garatuago dagoela dio, baina hor ere, euskaraz, ezer gutxi.
Hutsune hori betetzeko saiakeran ari dira zenbait pertsona eta proiektu, Lekuonak azaldu digunez. Urduñako Ivan Tellaetxe, Kiribilore Permakultura Gasteizen, Aralar Permacultura proiektua abian izan zuen Victor Barahona Donostian… “Ari gara pixkanaka sarea eraikitzen, eta datorren urtera begira, gure asmoa da tailerrak ematen hastea. Azkenean, jendeak ezer gutxi daki honi buruz, eta beharrezkoa da dibulgazioa, herritarrengana iristeko proiektuak martxan jartzea”, amaitu du Lekuonak. Erronka polita, beraz, esku artean dutena/duguna.