argia.eus
INPRIMATU
Periko, ezinbestekoa
  • Gure lagun eta kide Periko Solabarria hil zaigu. Ekonomiaz, gizarteaz eta lanaz hitz egiten duen zutabe honek ondo asko jaso dezake bere barnean Periko moduko pertsona eredugarria, arlo horietan eta politikan borrokatu zuelako.

Juan Mari Arregi 2015eko ekainaren 26a

“Ezinbesteko” deitzen diegun pertsona horietako bat zen, borrokatu zuelako behartsuen, langabetuen, baztertuen, etxegabetuen, presoen eta erbesteratuen alde. Gazterik apaiztu zen eta Trianon (La Arboleda) aritu zen apaiz langile. Bizkaiko mehatze guneetan “Santua” moduan ezagutzen zuten, eskuzabala zelako, emankorra, konprometitua eta behartsuenei emana. Hau sinatzen duenak ondo daki hori,  bere laguna eta bidaidea izan baitzen Meatzaldean eta Ezkerraldean, eta berarekin parte hartu baitzuen makina bat borrokatan.

Inork baino hobeto jakin zuen borroka politiko, sindikal eta herritarraren alboan egoten, Euskal Herri Langilearen zerbitzura: beti langabetuen eta pentsionisten mobilizazioetan eta etxegabetuen aldeko protestetan; beti energia nuklearraren Lemoizen eta Garoñaren kontra; beti presoen eskubideen eta autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenekin bat eginez.

Bizitza umil, doi eta bere ikusmoldearekin koherentea eraman zuen. Klase borroka eta nazio askatasunaren aldekoa batu zituen, subiranotasun nazional, sozial, ekonomiko eta politikoa nahi duen Euskal Herrian. Euskal Herri Langilea kontzeptuak berak –Frankismoan herri mugimenduek eta politikariek hain erabilia– zerikusi handia du Perikok egindako ekarpen ideologikoekin.

Bertold Brecht poeta alemaniarrak Periko ezagutu izan balu, seguruenik ikusiko luke bere poemetako bat gure lagun Perikoren argazki zehatza dela. Brecht-ek zioen badaudela gizonak bizitza osoan borrokatzen dutelako “ezinbestekoak” direnak. Halakoxea zen Periko, ezinbestekoa! Eskerrikasko eta ohore.