argia.eus
INPRIMATU
Rubalcabarekin harreman zuzena zutela azaldu du Barrenak epaiketaren bigarren egunean
  • Iñigo Baldaren deklarazioarekin ekin diote gaur ezker abertzaleko 35 kideren kontrako epaiketari. 04/08 sumarioaren barruan epaitzen ari diren militante politikoek gaur ere uko egin diote fiskaltzaren galderei erantzuteari, eta soilik abokatuek egindakoei erantzun diete.

Ibai TrebiƱo @ibaitrebino 2015eko abenduaren 04a
Segurako operazioko auzipetuak Espainiako Auzitegi Nazionaleko sarreran

Donostiako zinegotzi ohiak ETA erakundearekin harremana izatea ukatu du. Ezker abertzalearen barruan egindako lan politikoa defendatu du auzipetuak. Bere ibilbide politikoaren errepaso laburra egin du Baldak, bereziki udalgintzaren arloan edota aholkulari gisa egindako lanak azpimarratu ditu.

Pernando Barrenaren hitzartzeak piztu du ikusmina Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketaren bigarren jardunaldian. Iñigo Iruin abokatuaren galderei erantzunez, Sortuko bozeramaleak ezker abertzaleak bakearen alde eginiko lanaren errepasoa egin du 2001etik gaur arte. Ordubete baino gehiago iraun duen deklarazioan, ezker abertzalearen proiektu politikoa aldarrikatu du eta "bakearekiko konpromisoa" berretsi du.

PSOErekin izandako negoziazioen berri eman du Barrenak. ETAk eta Espainiako Gobernuak Norvegian izandako negoziaketen ondoren ere, Alfredo Perez Rubalcaba barne ministro ohiarekin zuzeneko harremana izan zutela azaldu du. Amaitzeko esan du beren atxiloketa ETAren su-etenaren hausturak eragin zuela eta arrazoi politikoengatik izan zela.