argia.eus
INPRIMATU
Erreferenduma “bai ala bai” egin dadin manifestua aurkeztu dute Katalunian
  • Aste honetan “Per un referèndum tant sí com no” manifestua aurkeztu dute. Kataluniako esparru politiko, kultural eta akademikoan ezagunak diren 80 kidek babesten dute ekimena. 

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 07a
Katalunian Erreferendumaren deialdia defendatzeko sortu duten ekimen berria da “Per un referèndum tant sí com no”.

Bertan erreferendumaren deialdia defendatzen dute, Estatu espainiarraren baimenarekin edo gabe. Artur Mas Kataluniako presidenteak egindako adierazpenei emandako erantzun gisa uler liteke: Generalitateko buruak esandakoaren arabera, Espainiak galdeketa debekatuko balu hauteskundeak deituko ditu plebiszitu gisa.

Sergi Lopez aktorea, David Fernandez CUPeko parlamentaria edo Vicent Partal kazetaria biltzen dituen ekimen honek, ordea, uste du horrek debekua hauspotzen duela eta prozesua atzeratzen.

Azken bi urtetan Printzerrian deitutako mobilizazio ugariek autodetermiazio eskubidearen aldeko aldarria Katalunian oso hedatua dagoela argi utzi dute. Manifestua sinatzen dutenek erreferendumak herritarren nahia zein den azalduko lukeela uste dute.

Ekimenak webgunea ere badauka. Bertan manifestua sinatu duten pertsonalitateen iruzkinak agertzeaz gain, edonork eman dezake atxikimendua.