Larunbatean Donostiako Udaletxean eginiko ekitaldi batean jaso du familiak gorpuzkiak biltzen dituen kutxa, baita desobiratzeari eta identifikazioari buruzko zehaztasunak jasotzen dituen txostena ere. Adur Tolosak haren izeba Pepik eginiko "etengabeko borrokaren ondorio" izan dela azpimarratu du.
Pepi Berasategik (Antigua, 1935) 1936ko gerran fusilatutako bere aita Hipolito Berasategiren gorpuzkiak berreskuratu ditu larunbatean Donostiako Udaletxean eginiko memoria ekitaldian. 36ko gerran Ondarretako espetxetik atera ondoren exekutatu eta desagertutakoen artean Oiartzunen identifikatu duten lehen kasua da, eta 87 urte ostean berreskuratu ditu familiak Berasategiren gorpuzkiak biltzen dituen kutxa, ikurrina batez inguratua. Hipólito Berasategiren senitartekoak, udal ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako eta Gogora institutuko kideak, eta dozenaka herritar bildu dira ekitaldian.
Adur Tolosa Hipolitoren bilobak eskerrak eman dizkio Oiartzungo Udalari aitonaren gorpuzkiak bilatzeko “erakutsitako jarrera eta konpromisoagatik”, eta erakundeei eskatu die “frankismoaren biktimei justizia eta erreparazioa ematen jarraitzeko”. Era berean, azpimarratu du ez dela “mirari” bat izan, haren izeba Pepik eginiko “etengabeko borrokaren ondorio” baizik.
Ondarretan espetxeratua, Oiartzunen fusilatua
Hipolito Berasategi Alcalde (Burgos, Espainia) Donostian bizi zen, eta 36ko gerran frankistek atxilotu eta fusilatu egin zuten. Iragorri (Oiartzun) inguruko hobi komun batetik ateratako gorpuzkien artean azaldu ziren haren gorpuzkiak. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek adierazi dute hobi horretan hogei pertsona baino gehiagoren hezurrak zeudela eta femurrak aztertzetik atera dituztela ondorioak: “Femurretik atera genituen laginak, eta lagin horrek balio izan digute DNAren analisia egiteko”.