argia.eus
INPRIMATU
Pepe Beunzaren biografia liluragarria, motzean

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko urriaren 29a

Pepe Beunza (1947, Jaen) Espainiako Estatuko lehen kontzientzia objektorea izan zen, motibo politikoengatik (Jeoba testiguak baitziren ordura arteko objektoreak). 20 urterekin Europan barrena egin zuen bidaiak esnatu zion kontzientzia: Frantzian El Arca komunitatean egon zen, zeina Gandhiren ikasle Lanza del Vasto-k sortu zuen, maisuak Europan desobedientzia zibila zabaldu zezala eskatuta. "Indarkeria eza, yoga, begetarianismoa eta nekazaritza ekologikoa uztartzen zituzten. Hemen gauza horiek ezagutu ere ez genituen egiten" kontatu du otsail honetan saltamos.net-ek egin dion elkarrizketa mamitsuan. Frantzian ezagutu zituen kontzientzia objektoreak eta Argeliako gerraren aurka indarkeria erabili gabe borrokatu zutenak. Hor sortu zitzaion hazia. Berak ere soldadutzari uko egingo ziola erabakita, Europan barrena egindako bidaia baliatu zuen herrialde bakoitzean sarea josteko, bera kartzelaratzen zutenean askatasuna eskatuz komunikazio kanpaina egin zezaten "ez baitzuen zentzurik kartzelara joateak, inor enteratuko ez bazen".

Jaengo kartzelan preso politikoekin

Soldadutzari uko egitea hiru urteko kartzelaldiarekin ordaindu zuen. 10 kartzela ezagutu zituen, azkena, 15 hilabetez eduki zutena, Saharako batailoi diziplinatzailea, Legioaren kuartela, alajaina. Baina arrasto gehien utzi ziona lehen kartzelaldia izan zen, preso politikoak atxilo zituen Jaengo kartzelakoa. Han partekatu zituen bizipenak ETA, FRAP eta Alderdi Komunistako presoekin. "Eztabaida handiak genituen, eta etengabe argudiatzen aritu behar horrek asko balio izan zidan indarkeriarik gabeko borroka eta bere indarra ezkerreko jendeari nola azaldu lantzeko. Sartu baino indartuago atera nintzen, nire borrokaren balioaz are konbentzituago". Garai hartan ezkerra oso militarista zela azaltzen du saltamos.net-eko elkarrizketan: "PCEk soldaduska egin behar zela esaten zuen, estatu kolpe bat saihesteko. Beste ezkerrek zioten baita ere soldaduskara joan behar zela, borroka armatua ikastera, frankismoa horrek garaituko zuelako... ezkerra ejerzito iraultzaileen alde zegoen".

Askatutakoan: Kontzientzia objektiboa kolektibo bihurtzeko lanean

Askatu zutenean, herrialde bakoitzean kanpaina egin zuten kideak zituen zain: "Europan Francoen aurkako jarrerak zabalduta zeuden, eta oso ongi zetorkien arrazoi politikoegatik soldadutzari objekzioa egin zion bat kartzelan izatea. Kanpaina oso ongi joan zen". Haiekin bilduta erabaki zuten berak egindako borroka kolektibo bihurtzea zela lehentasuna. Hitzaldiak ematen hasi zen herriz herri, eta kontzientzia objekzioa eginda kartzelara joateko prest zegoen zazpikotea osatu zenean, 1974an Bartzelonako Can Serran jarri ziren beren burua prestatzen. 1975ean egin zuten kanpaina publiko, urtebetean landu zutena herritarrei proposamen moduan azalduz: "Franco hil berri zen, eta sua bezala zabaldu zen, askatasun bulkada handia zegoen". Lan horren lorpena izan zen zerbitzu zibila jarri zutela Malaga, Vic, Madrid, Bilbon...

Intsumisoen borroka eredugarria

1984an Kontzientzia Objekzioaren Legea onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina herritarrek berau ontzat onartu ez zutelako sortu zen intsumiso mugimendua. Beunzak gertutik eta miresmenez jarraitu zuen hauen lana. "Garai hartan Gobernu sozialistak halako itxutasun mentala izan zuen, intsumisioari aurre egin ziola irtenbide juridiko eta penalekin: epaileentzat laster patata beroa bihurtu zen gaia, prozesuak pilatu zitzaizkien". Desertore intsumisoen borroka ere gakoa izan zela kontatua du aipatu elkarrizketan: astebete soldadutza egin eta gero alde egiteak zekarren gerra kontseilua egitera behartzen zutela Gobernua: "Epaile militarren aurrean intsumisoek hitzartze brilanteak egiten zituzten eta militarrak akojonatuta geratzen ziren, ez zeuden ohituta norbaitek, gainera kartzelara joateko prest zegoenak, eurei azaltzera zer zen militarismoa".

Beti borrokan

Gizarte justuagoaren alde beti aritu da hamaika borroketan sartuta. Egun, heriotza duinaren alde ere badiardu, eta Kataluniako independentziaren aldeko borroka indarkeriarik gabekoa izan dadin sustatzeko lan egiten duen En Peu de Pau koordinadoran dabil formazio tailerrak ematen.