"Beti pentsatu izan dut herri baten ahotsa edozein auzitegi baino askoz ere indartsuagoa dela", dio Pep Guardiola Bartzelona futbol taldeko entrenatzaileak, Òmnium elkartearen 50. urteurrenaren harira TV3 kateak emititutako dokumentalean.
Kataluniako estatutuari buruzko Auzitegi Konstituzionalaren sententziaz mintzo da, besteren artean, dokumentala. "Sekula ez dut ulertu herri batek modu subiranoan aukeratutakoa baliogarria den ala ez lau pertsonek erabakitzea. Konstituzionala izan ala ez, herri baten ahotsa edozer gauzaren gainetik dago. Hori da demokrazia, bere adierazpenik gorenean", dio Guardiolak.
Erabakitzeko eskubideari dagokionez, Bartzelonako entrenatzailearen hitzetan "Kataluniako gizartea irekia da, eta jende askok eskubidea izan nahi du herriak zer desio duen erabakitzeko; jende askok erabaki nahi du orain arte bezala jarraitu nahi dugun ala ez".