argia.eus
INPRIMATU
Pentsionisten mugimenduak berriz hartu ditu kaleak, eta zaharren egoitzetako heriotza kopuru altua salatu du
  • Alarma egoera ezarri zenetik lehenengoz, pentsionisten mugimendua kalera irten da. Zaharren egoitzetan jasotako heriotza kopuru altua eta ildo horretan Aldundiek egindako kudeaketa okerra salatu dituzte. Mobilizazioak hildakoak omentzeko ere baliatu dituzte.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 18a
Gasteizko mobilizazioa (Argazkia: EH Bildu Araba)

Alarma egoera ezarri aurretik egin ohi zutenez, maiatzaren 18ko astelehenez mobilizazioak egin ditu pentsionisten mugimenduak. Euskal Herriko hainbat txokotan atera dira kalera pentsionistak, osasun egoerara egokitutako formatuan: pertsonen arteko distantzia mantendu dute han eta hemengo elkarretaratzeetan, eta protesta hamar pertsonara mugatu ere egin dute udalerriren batean.

Hiriburuetan Foru Aldundietako ateetan bildu dira pentsionistak, Aldundiek zaharren egoitzetan jasotako heriotza kopuru altuan erantzukizuna daukatela seinalatzeko, eta ildo horretan egindako kudeaketa okerra salatzeko. “Oinarrizko beharrizanak ez dira negozioa”, “adineko pertsonak errepetua merezi dute” edo “zaintza lana da” gisako mezuak irakur zitezkeen pankartetan.

Iragarri dutenez, Arartekoari eskatuko diote gertatutakoaren inguruak ikerketa abiatzeko.

Mobilizazioak probestu dituzte koronabirusaren ondorioz egoitzetan hildako adinekoak omentzeko. Gasteizeko omenaldiko irudiak bideoan jaso dituzte:

Bilboko elkarretaratzearen ostean Jon Fano pentsionisten mugimenduko kideak adierazitakoaren arabera, ahal den neurrian kalera aterako dira aurrerantzean.