argia.eus
INPRIMATU
Pentsionisten borrokak bi urte bete ditu
  • Urtarrilaren 15ean bi urte beteko dira pentsionisten mugimendua mobilizatzen hasi zenetik. Nekatuta egotetik urruti, protestekin jarraitzeko asmoa eta indarra agertu dituzte.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 14a
Urtarrilaren 13an Bilbon egindako mobilizazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

Pentsionisten mugimendua eratzen hasi zenetik bi urte beteko dira asteazkenean. 2018ko urtarrialen 15ean WhatsApp bidez antolatutako deialdi batek abiatu zuen gaur arteko borroka; mezu bidez zabaldutako hitzordura gerturatu ziren hainbat pentsionista, Bilboko udaletxe parean pentsio duinak aldarrikatzeko. Ordutik, bi urte daramatzate astelehenero mobilizatzen, eta aspaldi da mugimendu forma hartu zutela.

Astelehen honetan ere mobilizazioak egin zituzten han eta hemen, eta argi adierazi dute mobilizazioekin jarraitzeko asmoa daukatela, izan asteleheneko elkarretaratzeen zein bestelako ekintzen bidez. Ildo horretan, gogorarazi dute urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartuko dutela.

Gaur arteko ibilbideari erreparatuta, ondokoa azpimarratu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak: “Akituta, zapuztuta eta adoregabe ikusi nahi gintuzten, presio eta gezurren bitartez, baina ez dute lortu”. Bi urteren ostean, “mobilizazio eta bestelako ekimenez jositako 103 astelehen” eta gero, ilusioa eta indarrak mantentzen dituztela jakinarazi dute.

Bi urte hauetan egindako lorpen txikiek beren pentsioei hobekuntza gutxi batzuk ekarri badizkie ere, beren aldarrikapenei eusteko asmoa agertu dute. Eratu berri den Espainiako Gobernu berriari ere beren exijentziak helaraziko dizkiete. Eskuin muturrarekin gobernu eskuindar bat eratu ez izanagatik baikor agertu diren arren, beren eskakizunei entzungor eginez gero gobernu berriak parez pare izango dituela argi utzi dute.