Hauteskunde ezberdinen atarian, Gasteizko kaleak bete dituzte berriz ere Arabako Pentsionistek. Pentsionisten arteko batasuna aldarrikatu dute euren borroka pentsioetara bakarrik ez murrizteko: lan erreforman, emakume eta gizonen arteko soldata arrakalan eta gutxieneko soldatan eragin nahi dute.
Astelehenero kaleetan egotea ez nahikoa eta apirilaren 13an, beste zita batzuetan bezala, Gasteizko kaleak betetzea lortu dute Arabako Pentsionistek. Mobilizazio honetarako, gainera, ahalegin berezia egin dute langileek, emakumeek, gazteek, eta eragile sindikal eta sozialek parte hartzeko.
Artium museotik irten den manifestazioaren hasieran, Arabako Pentsionistak Lanean elkarteak argi utzi nahi izan du bere borroka ez dela amaitu, baina baita borroka horretan jarraitzeko elkarren artean batasun handiagoa behar dutela ere. Xede horrekin, lehen aldiz batzarra egin dute Hego Euskal Herriko lau elkartek Gasteizen bertan aste honetan (Arabako Pentsionistak Lanean, Bizkaiko Pentsionistak Martxan, Gipuzkoako Duintasuna eta Nafarroako Pentsionistak Martxan).
Bide batez, aurreratu dutenez, etorkizunean Gaurgeroa koordinakundean batuko dira lantalde horiek. Orain arteko aldarrikapenei eutsi, eta borroka indartzea jarri dute aurrera begirako helburu eta Gasteizko mobilizazioa horren erakuslehio izan da.
Hala ere, Araba mailako mobilizazioan orain arteko aldarrikapenak berretsi dituzte. Pentsioak automatiko igotzea eskatzen dute, prezioen garestitze errealaren arabera. Betiere, kontuan hartuta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa nahi dutela.
Bozeramaileek argi dute: “Lortutako apurrak” egindako mobilizazioei esker lortu dituzte, eta atzerantz urratsen bat eginez gero pentsioen murrizketak berriro ere indarrean sartuko dira. “Zoritxarrez, lortutakoa ez dago bermaturik. Estatuak lotsagabeki muzin egiten dio Europako Gutun Sozialak dioenari”.
Pentsioetatik haratago
Haatik, sortu berri den Gaurgeroak ez du pentsioetara bakarrik murriztuko bere borroka. Lan erreformarekin amaitzea eta gutxieneko 1.200 euroko soldata ezartzea eskatuko dute, emakume eta gizonen arteko soldata eta pentsio arrakala gainditzea aldarrikatzearekin batera.
Gobernuei galdegin diete bizi den egoeraren neurriko pentsioak bermatzea: “Exijitzen diegu pentsio duin, publiko, bidezko eta behar bestekoak ezartzea”. Era berean, euskal erkidegoen eskumen falta nabarmendu dute pentsioak bermatzeko: “Ezagutzen dugu eskumen defizita. Horregatik, agertu nahi dugu gure konpromisoa pentsio sistema publikoa eraikitzea ahalbidetuko duen estatus politiko berri batekin”.
Albiste hau Hala Bedi irratiaren webgunetik ekarri dugu gurera, CC-BY-SA lizentziari esker.