argia.eus
INPRIMATU
Pentsionistek zubi berriak ikustarazi dituzte asteroko mobilizazio egunean
  • Etxealdiaz geroztik bosgarren astelehenez kalera atera dira pentsionistak dozenaka herritan. Zahar etxeetako egoiliarren senideekin batera egin dute manifestazioa Bilbon. Gasteizen Santiago ospitalean amaitu dute mobilizazioa, osasun arloko langileei esker ona adierazteko.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 22a
Argazkia: eitb.eus.

Bilboko manifestazioa jendetsua izan da. Pentsiodunekin batera zahar egoitzetako egoiliarren senideen elkarteek ere deitu dituzte herritarrak mobilizatzera. Beti bezala 1.080 euro pentsio minimoa aldarrikatu dute gaur, baina zaharren egoitzen pribatizazioak kritikatu eta bestelako zaintza eredu bat aldarrikatu dituzte ere: “Bizi duina, egoitzetako pribatizaziorik ez", "Pentsio duinak, gutxienez 1.080 euro" eta "Kalitatezko zaintzen alde", zioten manifestazio buruaren pankartek. Bizkaiko pentsiodunen elkarteko Andrea Uñak hitz egin ostean, Babestu zahar egoitzetako senideen elkarteko presidente Juani Céspedes-ek hartu du hitza. Cespedesek egoitzetako baliabide eskasia eta horien kudeaketa pribatua kritikatu ditu, zaintza sistema publiko eta unibertsal baten alde eginez.

Gasteizen, asteleheneroko manifestazioa Santiago ospitalean amaitu dute pentsionistek, langileei osasun-krisi garaian egindako lana eskertzeko keinu moduan. Pribatitzazioak eta murrizketak izan dituzte hizpide Araban ere, kasu horretan osasun alorrekoak. "Osakidetzaren etengabeko arreta guneen itxierak, lurraldeko anbulatorioetan baliabide falta eta medikuen langileen murrizketak" salatu dituzte, besteak beste.