argia.eus
INPRIMATU
Pentsionistek Bruselara eramango dute beren aldarria
  • Asteartean Europako Parlamentuko hainbat legebiltzarkiderekin eta Eskubide Sozialen Batzordearekin bilduko dira. Pentsioak “eskubide gisa blindatzea” eskatuko dute Bruselan.Ostiralerako mobilizazioak antolatu dituzte zaharren egoitzetako erabiltzaileen elkarteekin batera.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 27a
Asteleheneroko pentsionisten mobilizazioa Gasteizen. Argazkia: @Jontxu83

Bruselarako bidaia Espainiako Estatuko hainbat pentsionisten elkarteekin batera antolatu du Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak. Pentsionisten irudiko, Europako Batzordearen Pentsioen Liburu Berdea “mehatxu” bat da, besteak beste pentsio pribatuak bultzatzen dituelako. Batzordeari egotzi diote bankuen “ordezkari gisa” jokatzea. Bruselan pentsio publikoak “eskubide gisa blindatzea” eskatuko dute pentsionistek, eta Europako Funtsak banatzean sistema publikoa lehenestea, besteak beste.

Ostiralean mobilizazioak

Urriaren 1a Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, pentsionisten elkarteek eta zahar etxeetako erabiltzaileen elkarteek mobilizazioak deitu dituzte batera Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan. Hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte, eta herrietan elkarretaratzeak. Pentsio duinak eta zaharrentzako etxebizitza eta zahar etxe egokiak eskatuko dituzte, besteak beste. Horretaz guztiaz gain, astelehenero mobilizazioak burutzen jarraitzen dute pentsionistek.