argia.eus
INPRIMATU
Pentsionistek Bilboko Aste Nagusiko mobilizazio handia egin dute aurten ere
  • Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak 5.000 lagun atera ditu astelehenean, 24, hiriburuko karriketara pentsio duinak aldarrikatu eta zahar-etxeetako egoiliarren bizi duten egoera salatzeko. Koronabirusa dela eta aurten festarik ez izan arren, pentsiodunek eutsi nahi izan diote mobilizazioari eta Aste Nagusiaren egunetan hirugarren urtez burutu dute manifestazioa.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 25
(Argazkia: Ecuador Etxea)

Maskarak jantzita, pertsonen arteko tarteak zorrotz zainduz eta gainerako segurtasun neurriak betez burutu dute astelehenean beren mobilizazioa Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak bildutako pentsiodunek. Aste Nagusi normal bat izan balitz, Moyua plazatik abiatu eta txosnaz betetako Areatzan buruko zen baina atzo plaza hutsean amaitu zuten, hori bai, urteotako jende gehien bilduz: 5.000 lagun.

Urteotan hainbestetan errepikatu dituzten mobilizazioetan bezala, pentsio duinen sistema publikoaren defentsan oihu egin zuten Bilbon bildutkao zaharrek, salatuz zaharren erdiak gutxienekotzat jotzendituzten 1.080 baino gutxiagorekin pasatu behar dutela hilabetea, askok kopuru hori baino askoz gutxiago kobratuz. Pentsionisten ordezkariek Madril, Gasteiz eta Iruñeko agintariei eskatu diete «arazo horiek gainditzeko eta konpontzeko premiazko neurriak har ditzatela, dagozkien urteko aurrekontu publikoak onartzeari itxaron gabe».

Jon Fano Bizkaiko Pentsionisten Plataformako ordezkariak aipatu zuen zaharren egoitzetako osasun krisia eta salatu zuen horiei buruzko beren kezkak eta proposamenak azaltzeko agintariei bilera bat eskatuta, ez Jaurlaritzak eta ez aldundiek ez dietela jaramonik egin ez beraiei eta ez zahar-etxeetako langileen ordezkariei ere.

Bilboko mobilizazioaren aurretik polemika apur bat egona zen, Bizkaiko Ados-Consenso taldeak manifestazioa atzeratzea eskatu zuelako, pandemia dela eta. Pentsiodunen Plataformak, ordea, deialdiari eutsi dio eta azkenean mobilizazio handi bat burutzea lortu. Bilboko Konpartsek ere bat egin zuten deialdiarekin eta manifestazioan present egon zen haien ordezkaritza bat ere eta banatutako ohar batean beren solidaritatea erakutsi nahi izan zien: "Konpartsek pentsio duinen eta osasungintza eta zerbitzu publikoen aldeko ekimen horretan parte hartu nahi izan dute, Aste Nagusiko astelehena izango litzatekeen egun triste honetan, pentsiodunei eta haien aldarrikapenei erabateko babesa adierazteko».