argia.eus
INPRIMATU
“Pentsioena ez delako egun erretiroa hartuta daudenen borroka soilik”
  • Pentsionisten mugimenduak larunbatean deitu dituen manifestazioekin bat egin dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 24a
Argazkia: @LABsindikatua

Agerraldi bateratu jendetsu batean egin diete sindikatuek deia herritarrei, larunbaterako pentsionisten mugimenduak Hego Euskal Herrian antolatu dituen manifestazioetara bertaratzera. Sindikatuek azpimarratu dute langileen eta pentsionisten borroka lotuta daudela: “Pentsioena ez delako egun erretiroa hartuta daudenen borroka soilik. Egungo langileok bizitza duina izan dezagun lan baldintza duinen aldeko borroka egitearekin batera, erretiroa hartzean bizitza duinerako eskubidea bermatua izan dezagun borrokatu behar dugu”. Gogoratu dute 2011ko pentsio erreformek indarrean jarraitzen dutela: “Hauen eskutik erretiro adina luzatu, iraunkortasun indize famatua ezarri eta emakume eta gizonen arteko arrakala handiagotu egin zen, besteak beste”.

Madrildik eta Europatik berri onik ez dator, sindikatuen iritziz. “Erretiro adina luzatu nahi dute, enplegu sistema osagarrien eredua hedatu eta finean kapituluz kapitulu iragartzen ari diren neurrien bidez pentsio sistema publikoa deseraiki”, esan dute Madrilen aurreikusten den pentsio erreforma berriaz. Europako Next Generation funtsen baldintzetako bat pentsio sistema ahultzea izango dela uste dute.

Aldarrikapen taula

Horren guztiaren aurrean borrokaren beharra defendatu dute sindikatuek, eta larunbateko manifestazioei begira adostutako aldarrikapen taula zehaztu dute:

- “2011 eta 2013ko pentsio erreformak eta 2010 eta 2012ko lan erreformak bertan behar uztea.

- 2021erako iragarri diren murrizketen eta Pentsio Sistema pribatizatzeko asmoen aurka agertzea.

- Gutxieneko pentsioa 1.080 euro eta gutxieneko soldata 1.200 euro.

- Soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzea. Ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza-pentsiorako.

- Erretiro aurreratua, Kongresuan eta Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetan onartutako legez besteko proposamenen arabera kotizatutako 40 urterekin, zigortu gabe onartzea.

- Pertsonek bizi-baldintza duinak eta osasun-zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozio-sanitarioak izateko duten eskubidea bermatzea, gure osasuna bermatzeko.

- Honekin batera, bertan lan egin eta bertan erabakitzeko aldarria zabaldu nahi dugu beste behin. Burujabetzak behar ditugu, erabakiak hartu eta gauzatzeko eskumenak, baita pentsio sistemari dagokionez ere”.