argia.eus
INPRIMATU
Pentsioen igoera %2,5ekoa izango da Hego Euskal Herrian
  • Azaroan KPI %5,6 igo da, eta azken hamabi hilabeteetako bataz bestekoa %2,5ekoa da. Igoera berbera izango dute pentsioek. Bataz beste 32 euro handituko dira.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 29a
Iragan asteko pentsionisten mobilizazioa Gasteizen: Argazkia: @arabakozaharrak

Espainiako INEk astelehen goizean eman du azaroko kontsumo prezioen indizearen (KPI) igoeraren datua, %5,6koa. Azken hilabeteetan gora egin du nabarmen KPIak (urrian %5,4), baina lehenbiziko hilabeteetan zeroaren inguruan mugitu zen (2020 abenduan %-0,5; 2021eko urtarrilean %0,5; otsailean 0).

Abenduaren 15ean berretsi behar du azaroko datua INEk, eta aldaketarik ezean KPIren azken hamabi hilabeteen bataz besteko igoera %2,5ean utziko luke. Horrenbestez, pentsioak oro har 32 euroan handituko lirateke bataz beste. Pentsiorik gehienak (%66) erretiro pentsioak dira, bataz bete 1.440 eurokoak, eta 36 euro egingo dute gora. Alargun pentsioak (%23,3) 909 eurotan geratuko dira, 22 euroko igoerarekin.

Pentsioen legea, tramitean

Pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko modu berria Espainiako Gobernuak Toledoko Itunean parte hartzen duten eragile sindikalekin adostu duen lege berriaren neurrietako bat da. Legea ez dago onartua, aste honetan Espainiako Kongresuak Senatuari helaraziko dio pentsioen erreformaren legea. Hego Euskal Herriko pentsionisten mugimendua lege berriaren aurka azaldu da. Ostegunean, abenduak 1, Espainiako lan eta pentsio erreformen aurkako mobilizazioak deitu ditu gehiengo sindikalak dozenaka eragileren atxikimenduarekin Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian.