Lehenengo aldiz antolatu duten bizikleta martxa hau Donostian hasi eta amaituko da eta bukatzean Alderdi Ederretik irtengo den manifestazioarekin egingo du bat.
Bizikleta martxa ekainaren 13an hasi zuen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta ekainaren 25era arte arituko dira Euskal Herria zeharkatzen bizikletan. Ekimen honen bidez, hiru dira zabaldu nahi dituzten aldarriak: zerbitzu publikoen defentsa, zaintza lanen banaketa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
“Pauso bakoitzak, pedalkada bakoitzak, asko balio du” da martxaren leloa eta 700 kilometro egingo dituzte Euskal Herriko hainbat udalerri zeharkatuz. Mugimenduak herritar guztiei luzatu die ekainaren 25ean Donostian egingo den manifestaziora joateko gonbita. Izan ere, neurriak ez dira gaur egungo pentsiodunentzat soilik izango, etorkizuneko pentsiodunenak ere izango dira.
LAB sindikatuak bere sostengua adierazi die eta pentsiodunen borroka “langile guztien borroka” dela azpimarratu dute.
13 etapak
13 etapatan banatu da 1. Bizikleta Martxa. Egun bakoitzeko etapa bat egingo da eta Euskal Herriko hainbat lekutatik pasako da.
- Ekainak 13, 1. etapa: Donostia-Azpeitia.
- Ekainak 14, 2. etapa: Azpeitia-Ondarru.
- Ekainak 15, 3. etapa: Ondarru-Amorebieta-Etxano.
- Ekainak 16, 4. etapa: Amorebieta-Etxano-Plentzia.
- Ekainak 17, 5. etapa: Plentzia-Bilbo.
- Ekainak 18, 6. etapa: Bilbo-Amurrio.
- Ekainak 19, 7. etapa: Amurrio-Gasteiz.
- Ekainak 20, 8. etapa: Gasteiz-Altsasu.
- Ekainak 21, 9. etapa: Altsasu-Iruñea.
- Ekainak 22, 10. etapa: Iruñea-Bera.
- Ekainak 23, 11. etapa: Bera-Baiona.
- Ekainak 24, 12. etapa: Baiona-Irun.
- Ekainak 25, 13. etapa: Irun-Donostia. 12:00etan manifestazioarekin bat egingo du martxak Donostiako Alderdi Eder Parkean.