argia.eus
INPRIMATU
Pentsiodunek Sabin Etxearen aurrean egingo dute protesta Pedro Sánchez bertaratzean
  • EAJk Pedro Sánchez Espainiako presidentea jasoko du Sabin Etxean gobernua eratzeko negoziaketak aurrera eramateko, eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzea egingo duela adierazi du.

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 03a
Pentsiodunek Bilboko Aste Nagusian egindako manifestazioa.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak behin baino gehiagotan eskatu dio biltzeko Pedro Sánchezi, baina honen erantzun eza dela eta, Sabin Etxearen aurrean elkartuko dira Sánchez bertara joatean. Espainiako presidentea EAJko ordezkariekin gobernua negoziatzera dator Euskal Herrira.

Astelehenero bezala, pentsiodunak Bilboko Udaletxearen aurrean elkartu dira, eta bertan adierazi dute Sabin Etxearen atarian egingo duten elkarretaratzea: “Entzungo gaituzte” esan dute. Idoia Mendia PSEko idazkari orokorrak adierazi du bilerak oraindik datarik ez duela, baina Pedro Sánchezek “asteazkenean izatea” nahi duela baieztatu du.

Bilboko Aste Nagusiko astelehenean egin zuten manifestazio erraldoian adierazi zuten bezala, pentsiodunak egutegi oparoa ari dira antolatzen udazkenerako. Irailaren 30ean mobilizazio erraldoia deitu dute Bilbon; Espainiako gobernua eratzeko azken eguna irailaren 23a da, eta mobilizazioaren izaera asko aldatu dezake gobernua eratzen ez bada.