argia.eus
INPRIMATU
Pentsiodunek Gizarte Segurantzaren egoitza okupatu dute Lizarran
  • Elkarretaratzea egin ostean sartu dira administrazio publikoko bulegoetara eta okupatu egin dute denbora batez; urtarrilaren 30eko greba orokorraren aldeko kartelak eta oihuak jaurti dituzte.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 16a

Eratu berri den Espainiako Gobernuak pentsioak %0,9 igoko dituela agindu badu ere, erabaki horrek ez ditu inolaz ase pentsiodunak, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan mobilizazioak azkartu dituzte, U30eko greba orokorra begi-bistan. Nafarroan, gizarte segurantzaren aurrean elkarretaratu dira ostegun honetan hainbat tokitan.

Lizarran, elkarretaratzearen ostean gizarte segurantzaren egoitzan sartu da pentsiodun talde bat eta okupatu egin du U30ren eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldeko afixak eskuan: "Aginten duenak aginduta ere, gu beti pentsioen alde!" oihukatu dute.

Tuteran ere elkarretaratzea egin dute eta adierazpena irakurri dute amaieran, gizarte segurantzako "merkealdiak" kritikatzeko. Azaldu dutenez, pentsioak urtetik urtera murriztu egin dira etengabe eta gogorarazi dute ondorioz kotizaziopeko pentsioen batez bestekoa ez dela 1.000 eurora iristen eta pentsiodunen artean emakume eta gizonen arteko arrakala %35era iristen dela.

Hala, dei egin dute hurrengo mobilizazioetan parte hartzeko, bai urtarrilaren 30eko greba orokorrekoak eta baita Tuterako Plaza Berritik abiatuta urtarrilaren 24an egingo den manifestazioan ere.