Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
Euskal Herriko Pentsionistan Mugimenduak deitu du manifestaziora, Moyua plazatik udaletxeraino. Gehiengoak peto berde bat zuen, aldarrikapen nagusiekin: “1.080 euroko gutxieneko pentsioa” eta “Pentsioen murrizketei EZ”. Pentsionisten mugimenduarentzako, “beharrezkoa da” zifra horietara iristea, bereziki “pentsio oso baxua duten emakumeentzat”.
Gasteiz eta Iruñeko gobernuei gutxieneko pentsio eskaera azkar onartzea eskatu diete. “Berdin du zeinek gobernatzen duen, pentsioak defendatzen dira” diote, eta “gure aldarrikapenekin jarraituko dugu, berdin du zein gobernu dagoen”. KPI-aren araberako kopuru igoera bat ere eskatzen dute, galdu zuten urtarrileko ordainsaria berreskuratzearekin batera.
Hurrengo hilabetetik aurrera Espainiako Estatuko beste pentsionista talde eta mugimenduekin lan egingo dutela adierazi dute manifestazioaren bukaeran, sortuko den gobernu berriari aldarrikapenak aurkezteko.
Pentsioez gain, “kalitatezko egoitza publikoak” eta “beste zaintza eredu batzuk” aldarrikatu dituzte. “Egoitza publikoak ezin dira ukitu”, pentsio pribatuei diru publikorik ez emateko, eta “generoaren arrakalari ez” izan dira manifestazioan ikusi diren beste leloak.