argia.eus
INPRIMATU
Pentsioak blindatu
  • Toledoko Itunak adostu du berriz ere pentsioen igoera lotzea KPIarekin, erosteko ahalmena mantentzeko. Egunotako albiste ekonomiko nagusia izan da. Baina akordio lotesle hori ez da behin betikoa.

Juan Mari Arregi 2018ko irailaren 28a

Ez dago garbi, ezta ere, zer esan nahi den “KPI erreala” aipatzean. Espainiako Gobernuak dauka azken hitza. Hasteko, Espainiako presidenteak New Yorken esan du Toledoko Itunean adostutakoa bere egingo duela. Bistakoa da pentsiodunen mobilizazioak, eta bereziki euskal pentsiodunenak, erabakigarriak izan direla talde politiko guztiek akordioa onartzeko.

Albistea pozgarria den arren, akordio hori oraindik ez da nahikoa kalean dauden aldarrikapenak eta oihuak kontuan edukitzen baditugu, astelehen honetan Bilbon are ozenagoak izango dira gainera. Akordio hori nahikoa eta duina izan dadin, euskal pentsiodunek uste dute beste hiru gauza onartu beharko liratekeela. Lehenik, pentsioak blindatzea eta ez uztea aldian aldiko gobernuaren nahien eta ateraldien menpe, PPren gobernuarenak jasan ditugun bezala. Bigarrenik, KPI erreal hori zehaztea, urtero, aditu independenteen batzorde batean. Eta azkenik, pentsiodun guztientzat gutxieneko pentsio duina bermatzea, Euskal Herriaren kasuan 1.080 euro lirateke hilean, hainbat plataformak aztertu dutenez.

Nola blindatu pentsioak? Garbi dago, ulertu nahi duenarentzat. Gardenena da Espainiako Estatuko Konstituzioak barneratzea blindatze hori bere funtsezko artikulatuan eta erkidego bakoitzak –EAEk eta Nafarroak ere– bere araudian txertatzea ondoren. Betiko goernuen esku utziz gero, PPk azken urteetan egin duen gauza bera egiten uztea litzateke: krisi ekonomikoaren aitzakian pentsioak praktikan izoztea.