1980ko hamarkadan pribatizatu zuten Txileko pentsioen sistema, Pinocheten diktaduran. Estatu mailako arazo bilakatu da azken urteetan, erretirodunek jasotzen dituzten pentsio baxuengatik. Zenbateko hauek kudeatzen dituzten enpresa pribatuen aberasteak ere hautsak harrotu ditu. Hainbat mobilizazio izan dira azken bi hilabetetan herrialdean. Abuztuaren 21ean izan da azkena eta ehunka mila pertsona bildu dira Santiagon pentsio sistema publiko bat aldarrikatzeko.
1981ean Txile aitzindari izan zen pentsio-sistema pribatizatu zuenean eta Hego Amerikako zenbait herrialdek haren urratsak jarraitu zituzten, Argentinak eta Peruk, esaterako. 35 urte igaro dira geroztik eta sistemaren bideragarritasuna zalantzan dago.
AFP (Pentsio Funtsen Administrazioak) enpresak sortu zituzten pribatizaziorako: Estatuaren esku-hartzea gutxitzen zuen sistema berriak eta pentsioak inbertsio-funtsen esku uzten zituen.
Langile orok AFP bat aukeratu eta kontu bat ireki behar du erretirorako aurrezkiak gordetzeko. Bi motako diru-sarrerak izango ditu kontu horrek: alde batetik, langileak berak soldataren %10 bideratuko du bertara –enpresak ez du gauza bera egingo, OCDE-ko beste herrialde kideekin gertatu ez bezala–, eta beste aldetik, pilatutako diruaren etekina dago, herrialdeko banku eta enpresa handietan inbertituta lortutakoa. Merkatuaren gorabeheren araberakoa da azken hau.
Azaldutako zenbatekotik komisioak kendu behar dira, langileen kalterako. Gordetako diruaren etekina bilatzen duen eredua da emaitza: Txileko Barne Produktu Gordinaren %62.
Hutsuneak ditu ereduak
Borja Suarez Madrilgo Universidad Autónoma-ko irakasle eta Economistas Frente a la Crisis plataformako kideak Txileko erretiro-pentsio funtsen inguruko lana argitaratu du. Hainbat ideia plazaratu ditu ereduak dituen hutsuneen inguruan.
2008an Txileko gobernuak bi diru-laguntza mota jarri zituen martxan, pentsio baxuei aurre egiteko. AFPk ordaindutako pentsioen %90 hilean 147.000 pesoetara (213 euro) iristen ez dela salatu du Sol fundazioak, hots, Txileko gutxieneko soldataren bi heren.
Pentsio baxuek urte gehiago lan egitera behartzen ditu herritarrak eta legez erretiro adina emakumeentzat 60 urtekoa eta gizonezkoentzat 65 urtekoa bada ere batez beste 70 urterekin hartzen dute erretiroa. Gainera, alde handia dago pentsioaren zenbatekoan generoaren arabera.
AFPk langileen %63aren erretiro-pentsioa kudeatzen dute: honek bidegabeko ekonomiak duen garrantzia azaleratzen du eta sistematik at behargin asko daudela nabarmendu.
Soluzio eske
Azken urtean Michelle Bacheleten gobernua Estatu mailako AFP baten sorreraren inguruan mintzatu da. AFPen desagertzea eta pentsio-sistema publiko bat aldarrikatzen dute askok ordea, No más AFP plataformak, esaterako. Honek eta hainbat eragilek deituta manifestazioa izan zen uztailaren 24an Txilen, eta antolatzaileen hitzetan milioi bat pertsona inguru bildu ziren herrialdean barrena. Abuztuaren 21ean ere izan ziren mobilizazioak, Santiagon ez ezik Txileko beste 50 herritan ere. Ez dira mobilizazio gehiago baztertzen.
Por ella y tantos otrxs. Chile salio a decir #NoMasAFP, 50 años de Profesora, hoy es jubilada con 185.000 mil pesos pic.twitter.com/LCiWTZiu0W
— ChileOkulto (@Chileokulto) 22 de agosto de 2016
Felicitamos los 1,5 millones de chilenos/as q ayer Marcharon en mas de 250 comunas pidiendo #NOmasAFP La lucha sigue pic.twitter.com/omWGOfId2I
— NO+AFP (@NOmasAFP) 22 de agosto de 2016