Ehun mugimenduko kideek bi hilkutxa sorbaldetan hartuta segizioa egin dute Loiolako Erriberako Gizarte Segurantzaren egoitzara, “pentsioen etengabeko degradazioa salatu eta pentsio publiko eta duinak izateko Euskal Errepublika behar-beharrezkoa dugula esateko”.
Ondoko bideoan ikus daitekeen moduan, hilkutxekin Gizarte Segurantzaren egoitzaren barruan sartzen ahalegindu dira, baina ez diete utzi. Ehun mugimenduak “pentsioen pribatizazioa” salatu du: “Pentsioen etengabeko degradazioak de facto pentsioen pribatizazioa bultzatzea dakar. Argi ikusten da Espainian garrantzitsuagoak direla guztion diruaren kontura enpresa pribatuek lortzen dituzten onura ekonomikoak, pertsonon ongizatea baino. Espainian pentsioak hilik daude”, adierazi dute Loiolako Erriberan.
Mobilizazioaren amaieran, Euskal Errepublikaren aldeko aldarria egin dute: “Euskal herritarrok bizitzeko dugun aukera bakarra pertsonak kapitalaren gainetik jarriko dituen Euskal Errepublika da. Euskal Errepublika ala heriotza. Guk, Euskal Errepublika”.