Eusko Jaurlaritzaren proposamena “nahikoa ez” dela azpimarratu dute pentsiodunek. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzten manifestazioetara joateko deia luzatu dute.
Pentsiodunek duela hamaika hilabete hasi zituzten mobilizazioei jarraipena emango diete abenduaren 15ean. Jaurlaritzak aurrekontuetan proposaturiko pentsioen osagarria pentsiodunen helburuetatik “urrun” dagoela adierazi dute Gipuzkoako Adinekoen Elkarte Plataformatik. Hala ere, pentsiorik apalenak 2020. urterako 823 euroraino igotzeko proposamena "urrats txiki bat" izan daitekeela adierazi dute.
Miguel Gortadi eta Antton Karrera plataformako bozeramaileek azaldu dutenez, "pentsio publiko duinak" bermatzeko konpromisoa eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurotan ezartzea eskatuko diete agintariei.
Neurriak aurrera eramateko nahiko diru izanik, arazoa aberastasunaren banaketan dagoela ere azpimarratu dute bozeramaileek. Azkenik, larunbateko mobilizazioetara pentsiodunen seme-alaba eta gazteak bertaratzeko deia egin dute.