Europak aztertu egingo du pentsio-sistemen alorrean agindutakoa bete den ala ez, eta Espainiak ez du egin oraindik. Egiten ez badu, baliteke Next Generation funtsetako diru gehiago ez jasotzea. Frantziak gaindituko du azterketa; horregatik igo du erretiro-adina.
Europar Batasunak abegikoen dituen herrialdeei, edo obedienteenak direnei, dagoeneko milaka milioi euroko diru-poltsak banatu dizkie. Krisi garaiak sortutako ekonomia-apalaldiari “aurre egiteko” jarri zuen abian Marshall Plan propioa. Dirua ez da zerutik erortzen, ordea: Urko Apaolazak erreportaje honetan adierazi zuen bezala, diruaren eta proiektuen exekuzioarekin inolako zerikusirik ez duten hainbat baldintza bete beharko dira, eta, nola ez, zorpetze-maila handia izango dute hurrengo belaunaldiek. Egungoari begiratuta, Europaren maileguak egiturazko erreformen eta aurrekontu-austeritatearen truke emango dira, ELA sindikatuak kritikatu zuenez. Espainiako lan-erreforma, horren adibide. Agindutakoa betetzen joan ahala “askatzen” edo ematen da dirua, ez lehenago.
Dirua jaso nahi duen orok, finean, helburu jakin batzuk beteko dituen sistema-aldaketak egin beharko ditu. Horietan, zeresana ematen ari da pentsioen erreforma. Frantziak erretiro adina bi urtez atzeratu du –62tik 64ra–, eta pentsio osoa jasotzeko kotizazioa 43 urtean kokatu. Frantziako Gobernuak helburutzat jo du “sistema zaintzea”. Hain justu ere horixe eskatzen du Europak: pentsio sistema “jasangarria” egitea. Alegia, gizartea gero eta zaharragoa den honetan, gastu publikoa handitu beharrean murrizketak egitea.
Frantziak bete du antza, bete beharrekoa: aplikatu ditu murrizketak. Espainiako Estatuak ordea, jasotzea aurreikusi dituen 164 mila milioi euroak jasotzeko, ez du findu oraindik balizko pentsio-erreforma berria, eta Europa dagoeneko ari zaio estutzen, hitzemana baitu urte hasiera honetan “pasako” duela azterketa. Espainiako Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivák egindako azken proposamenak zera jasotzen du: pentsioak kalkulatzeko epea kotizaturiko azken 25 urteak izan beharrean, azken 30ak izatea; baina horietatik 28 aukeratu ahal izango lituzke langileak, nahi dituen biak kanpoan utziz. Kotizazioen oinarria, bide batez, zabaldu egingo luke.
Barne-gatazka handiak ditu Espainiako Gobernuak: sostengatzen duten bi alderdien artean hasteko, eta ez du apenas babesik parlamentuan, momentuz. Europako diru-poltsak mehatxu izaten jarraitzen du.