Milaka lagun elkartu dira Bilboko Aste Nagusiko astelehenean pentsio duinak eskatzeko. Espainiako Gobernuaren eraketak pentsioen igoera baldintzatzen duela salatu dute.
Astelehenero bezala, Bilboko eta inguruko pentsionistak kalera atera dira, pentsio duinak eskatzeko. 19 hilabete daramatzate protestan, 85 astelehen jarraian. Nahiz eta egoera politikoa ezberdina izan, astero protestan jarraitu dute. Astelehen honetan Bilboko Aste Nagusiarekin elkartu da mobilizazio eguna, eta honek jendez betetzea ekarri du; izan ere, Hego Euskal Herriko pentsio duinen aldeko beste hainbat plataforma elkartu dira protestan, baita Asturias, Kantabria eta Errioxakoak ere. Bestalde, Bilboko 28 konpartsetatik 19 mobilizaziora batu dira.
Espainiako Gobernuaren eraketak asko baldintzatzen du pentsioen igoera. Negoziaketetan pentsioak ez dira toki garrantzitsua hartzen ari, baina irailaren 23an alderdiak adostasun batera iristen ez badira, urte amaierara arte behin behineko gobernua izango da. Hori dela eta, 2020rako aurrekonturik ez da egingo, eta pentsioak %0,25 igoko dira bakarrik, Mariano Rajoy-ren gobernualdian adostutakoa.
Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak, Jon Fanok, Espainiako Gobernua eratzeko dagoen blokeo egoerak pentsiodunak kaltetzen dituela azpimarratu du: “Arazoa borondate politikoarekin konpondu liteke, baina ez dute halakorik nahi. Horregatik gaude kalean”.
1.080 euroko pentsioen eskakizuna mantentzen dute pentsiodunek, baina Kontsumorako Prezioen Indizearen araberako pentsioen igoera da eskatzen duten gutxienekoa. Nahiz eta Espainiako Gobernua eratu, irailaren 30erako mobilizazio handia aurreikusi dute.