argia.eus
INPRIMATU
Pentsio duinen aldeko manifestazioarekin bat egitera deitu dute greba feministaren antolatzaileek
  • M8ko greba feminista antolatu zuen Emakumeok* Planto dinamikak "dei berezia egin nahi die Euskal Herriko emakumeei", martxoaren 17an Bilbon egingo den manifestazioan parte har dezaten, pentsio duinen eta pentsioen sistema publiko baten alde. "Eraso bortitz hauen aurrean ez ditugu emakume pentsionistak bakarrik utziko", diote.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko martxoaren 15
Argazkia: Arabako Alea Arabako Alea

Mugimendu feministak gogoratu du emakume pentsionistak pobreziara zigortuak daudela, "haien bizitzan zehar jasan dituzten egoerak medio. Lan merkatu arautuan sartzeko izan duten ukazioa, edota sartu direnean ere aukera berdintasunean aritu ezin egin izanak guztiz baldintzatu die gaur jasotzen dituzten prestazioak, lan prekarioak egokitu zitzaizkielako".

Ezkutuko ekonomia eta miseriazko alargun pentsioak

"Pentsio propioa izateko aukera izan dutenak, oso prestazio txikiak jasotzen dituzte eta gutxieneko beharrizanak asetzeko nahikoa izateko ere ez zaie heltzen. Beste askok ez dute berezko pentsioa lortzeko aukerarik izan bere bizitza guztian lan egin arren, besteak beste, ezkutuko ekonomian, etxeetan, zaintza lanetan. Eta ezin ditugu ahaztu miseriazko alargun pentsioak jasotzen dituzten emakumeak, zeinei hilabete bukaerara heltzea ia ezinezkoa egiten zaien".

Egoera horren aurrean, sistema berri bat eraiki behar dugula diote, "eredu kapitalista heteropatriarkala gaindituko duena eta pertsonak bizitzaren erdigunean kokatuko dituena".

Emakume pentsionistei esker ona helarazteko modu bat ere badela nabarmendu dute, "urte luze hauetan gure eskubideen alde eginiko borroka guztiak eskertzeko asmoz. Baldintza gogorretan eginiko borrokak, kostu pertsonal handiak izan dituztenak kasu gehienetan". Horregatik guztiagatik, “feministok larunbatean, beraiekin batera, kaleak beteko ditugu”.

Manifestazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Bilbon bakarrik ez, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan egingo dituzte manifestazioak larunbatean, pentsio duinen alde. Gasteizkoa eguerdian izango da, 12:00etan, Bilbokoa arratsaldeko 17:00etan, eta Iruñea eta Donostiakoa 18:00etan.