argia.eus
INPRIMATU
Garunaren jarduera monitorizatuz zer pentsatzen ari garen jakiteko teknologia garatzen ari dira
  • Gizakiok ditugun erreakzio eta pentsamenduak jaso eta hitzetara ekarri nahi ditu Columbia unibertsitateak garatutako teknologia berri batek. %75eko eraginkortasun maila lortu du garunaren jarduera diskurtso bihurtzen.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 30

Garapen teknologiko gehienek AEBetan dute sorburua, baita honek ere. New Yorkeko unibertsitate ospetsuenetakoa den Columbian, gizakion pentsamenduak aztertu eta hitzetara eramatea lortuko lukeen interfazea sortzen ari dira, The Independent hedabideak jaso duenez. Momentuz, gai izan dira pertsona batek entzun dituen hitzak haren garunaren jarduera monitorizatuz berreskuratzeko.

Inteligentzia artifiziala erabili dute pertsonen burmuinean agertzen diren jarduerak eskema konkretuetara ekartzeko. Modu horretara prozesatutako burmuin-jarduera Appleren Siri eta Amazonen Alexa zerbitzari adimentsuen antzekoak diren ahots robotikoen bidez adieraztea ere lortu dute.

Emaitza Vocoder erakoa izango dela azaldu dute, hau da, analisia egin ondoren aztertutakoa sintetizadoreen bidez soinu gisa erreproduzituko du. Epilepsia duen jendearekin egin dute lanketa: Dinesh Mehta psikologoak bildu zituen epileptikoek elkarrizketa batean izandako erreakzioak.

Teknologia berriaren erabilera posibleak

Etengabe areagotuz doa sarean gertatzen den ekintza ororen jabe diren enpresa multinazionalen boterea. Herritarrok kontrolpean gaude; pribatutasuna bidean geratu da.

Eta testuinguru horretan, gizakion pentsamenduak hitzetara ekartzeko interfazea sortu nahian ari direnak asmo onez aritu daitezke: ahoz komunikatu ezin dutenei bidea errazteko aukera eman dezake mota horretako teknologiak.

Baina ez ote du beste erabilerarik ere izango? Garunaren aktibitatea monitorizatuz zer pentsatzen ari garen jakitea posible bihurtzen bada, kontrol sozialerako aukerak biderkatu daitezke.