argia.eus
INPRIMATU
“Penko” kolektiboa EAEko hauteskundeetan
  • Demokrazian penko, suspentso, kate, gutxiegi. Politika egiteko oinarritzat hauteskundeak eta bozak dituen jendarte batek hori esan beharko lioke bere buruari herritarren erdiak "festan" parte hartu ere egiten ez duenean, ezta?

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko uztailaren 20a

Ofizialki ozta-ozta gehiagok eman du bozka EAEko Legebiltzarra osatzeko azken hauteskundeetan, bai, %52,86ak. Espainiako nazionalitaterik eta hortaz bozka eskubiderik ez duten EAEko herritarrak hautesle erroldara batuz gero –166.695 lagun 2019an–, %48,09koa litzateke parte-hartzea. Gehitu daitezke nazionalitatea izanik ere bozka eskubiderik ez duten migratzaileak, milaka euskal herritar papergabeak, Trebiñu eta Villaverde Turtziozeko biztanleak, berrogeialdian egoteagatik eskubiderik gabe geratu direnak (!?!?), bozka baliogabeak...

Kantitateak beste arduratu beharko gintuzke kalitateak. Eta ez naiz ari bozka nori ematen zaion, baizik eta nondik. Bozkatu duten herritarretatik zenbatek egin dute zerbaiten alde baino, zerbaiten aurka? Zenbatek ezagutzen dute bozkatu duten programa? Zenbatek egin dute izapide burokratiko bat betetzen duenaren izpiritu etsituz, errutinagatik, edo familia politikoari zor zaion fideltasun hutsagatik? Zenbaketa azkarrago egitearren: zenbatek egin du ilusioz, pasioz, hautesle komunitate osoarentzako ona den zer edo zer garrantzitsua erabakitzen denaren ustetan?

Politika esparru publikoari (polis-ari) dagokiona bada, eta pertsonala politikoa bada, dena da politika. Garai oso konplikatuak bizi ditugu, eta are konplikatuagoak datoz. Politika inoiz baino beharrezkoagoa den garaian despolitizazioak eremua irabazten jarraitzen du herritarren artean, eta gero eta bahituagoa dago antipolitika egiten duten erakunde politikoetan. Azken hauteskunde kanpaina eta bere emaitzak horren ondorio eta kausa dira aldi berean.

Penko kolektiboaren aurrean, proposamen eraikitzaileak behar dira. Edo, fruitu berriak eman ditzan ahitutako lurrari su ematen zaion modu berean, legebiltzarra erretzen dugu –txantxa da, polizia-epaile jauna–. Edo tramitea ganoraz bete eta hauteskundeak errepikatzen ditugu 5 batekin bada ere (%50) azterketa gainditu arte –are txantxagoa da, herritar sufrikariokide–. Edo politika egiteko jarrera, espazio, modu eta bitarteko interesgarriagoak sortzen ditugu, nahi bada zaharkituokin elkarbizitzan hasiera batean –ez da txantxa, uneotan badirudien arren–. Bestela, politika deitzen dugun antipolitika gureak marmotaren eguna izaten jarraituko du eta, esaerak dioen bezala, marmoten erreinuan, Urkullu marmota errege.