argia.eus
INPRIMATU
Peng Shuai Txinako tenislaria desagertuta dago sexu eraso bat salatu zuenetik
  • Azaro hasieran sare sozialetan salatu zuen Zhang Gaoli Txinako ministrorde ohiak sexu erasoa egin ziola, eta ordutik ez da jendaurrean azaldu.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 18a
Peng Shuai munduko txapeldun izan zen 2014an eta bi Grand Slam lortu ditu. / Argazkia: @VarskySports.

Susmo txarra handitzen ari da. Nazioartera zabaldu da Peng Shuai Txinako tenislari profesionalaren desagerpenaren gaineko kezka eta, besteak beste, Naomi Osaka eta Novak Djokovic tenislari profesionalek sare sozialetan idatzi dute espero dutela Shuai “onik” egotea.

Azaro hasieran 35 urteko emakumeak Weibo sare sozial txinatarrean mezu luze bat argitaratu zuen, salatzeko Zhang Gaoli 75 urteko Txinako ministrorde ohiak “behartu” egin zuela sexu harremanak izatera. Oharra segituan ezabatu zuen Weibok, baita Shuai aipatzen zuten beste hainbat mezu ere. Gaoli Txinako Gobernuko goi-kargudunak ez du adierazpenik egin, eta sexu erasoaren salaketaz geroztik jendaurrean desagertuta dago Shuai.

Froga egiaztagarrien eske

Steve Simonek, Emakumeen Munduko Tenis Elkarteko (WTA) zuzendariak, jakinarazi du “behin eta berriz” saiatu dela hainbat bidetatik tenislariarekin harremanetan jartzen, baina ez duela lortu. Txinako CGTN hedabideak email mezu bat zabaldu du asteazken honetan, Peng Shuairena dela esanez. Mezuak dio etxean deskantsu hartzen egon dela, eta “dena ondo” dagoela. Gainera, emailaren arabera sexu eraso salaketa “faltsua” da. BBC kateak ohartarazi du ez duela aukerarik izan jatorrizko mezua ikusteko, eta beste zenbait hedabidek ere zalantzan jarri dute haren egiazkotasuna.

WTAko buruak ere ez du sinetsi Peng Shuaik berak idatzi duenik; adierazi du mezu elektroniko horrek “kezka areagotu” besterik ez diola egin. Simonek aldarrikatu du WTAk eta munduak “behar” dutela tenis jokalaria “salbu” dagoela erakusten duen froga, “egiaztagarria eta independentea” dena. “Peng Shuairi libreki hitz egiten utzi behar diote, inolako presio edota mehatxurik gabe”, gehitu du. Eskatu du sexu erasoaren salaketa “gardentasunez eta zentsurarik gabe” ikertzeko.

Emakumeen ahotsak indarra hartzen

Azken hilabeteetan Txinan indarra hartzen ari da #MeToo mugimendua, eta emakumeak, bereziki Txinako jendartean entzutea dutenak, gero eta eraso matxista kasu gehiago azaleratzen ari dira. Peng Shuai izan da lehena goi-kargudun politikari bat akusatu duena. Tenis jokalaria oso ezaguna da herrialdean ez ezik, nazioartean ere bai; besteak beste, bikoteka munduko txapelduna izan zen 2014an, eta Grand Slam kategoriako bi tituluren jabe da.