argia.eus
INPRIMATU
Peltier: 45 urteko injustizia
  • Hilaren 18an 45 urte bete dira AEBetako Ipar Dakotako jatorrizko herrien aldeko ekintzaileari bizi arteko espetxe zigor bi ezarri zizkiotenetik. Peltier-ek, epaiketatik bertatik, bere errugabetasuna mantendu du, eta nazioarteko hainbat erakundek –tartean AEBetako dozenaka kongresistak– salatu du bere zigorra epaiketa bidegabe batek eragin zuela.

Axier Lopez @axierL 2022ko apirilaren 25

Peltier kartzelara eraman zuen tiroketa Pine Ridge erreserba inguruan gertatu zen, ekintzaileen eta poliziaren arteko protesta giroan. Erreserba hori Wounded Knee leku ezagunetik 16 kilometrora dago, non soldadu estatubatuarrek armarik gabeko ehunka lakota sarraskitu zituzten ia mende bat lehenago. Tiroketa hartan FBIko bi agente eta ekintzaile bat hil ziren. Azken honen heriotza, ordea, ez da inoiz ikertu. Peltierrek epaiketan onartu zuen tiroketan parte hartu izana bere burua defendatzeko, baina beti ukatu du agenteen heriotzarekin loturarik izan zuenik.

46 urte baino gehiago daramatza barrote artean. Egun 77 urte ditu, diabeteak jota dago, hipertentsioa du, burmuineko isuri batek eragindako itsutasun partziala eta aortako aneurisma bat. Espetxean urte gehien daraman AEBetako preso politikoa da, baita mundu mailakoa ere.

James Reynolds, Peltier espetxeratzen lagundu zuen fiskal estatubatuarrak berak ere gutuna idatzi zion Obama presidenteari 2017an, Peltier aske uzteko eskatuz: “Peltier kondenatu eta luzaz espetxeratu izana akatsa izan zelako eta badelako”. Era berean, Reynoldsek presidenteari eskatu zion natibo amerikarren eta AEBetako Gobernuaren arteko harreman gatazkatsua konpontzen laguntzeko. Esan gabe doa, eskaera horiek ez dituztela bete, ez Obamak ezta Joe Bidenek ere. George Floyden hilketak eta Black Lives Matter mugimenduak arraza-zapalkuntzari buruzko eztabaida lehen lerrora ekartzea lortu zuten, baina Peltierren auziak konponbiderik gabe jarraitzen du. Peltierrek berak publikoki adierazi zuenez, "kartzelak AEBetako indiar erreserbarik handiena dira".

Peltierren indultua eskatzeko, iazko urrian Joe Bideni gutuna bidali zioten AEBetako bi dozena kongresukidek. Horietako bat da Ruth Anna Buffalo, Mandan, Hidatsa eta Arikara nazioko kidea eta Ipar Dakotako estatu-ordezkaria. Hala zioen berak: "Ez dugu tratu berezirik eskatzen, gizaki gisa tratatuak izatea eskatzen dugu. Gutako inor ez da libre Leonard aske izan arte".

Erraz idazten da 16.000 egun eta gau jarraian gatibu pasa dituela. Horretaz galdetu zion Kevin McKiernan kazetariak 2017ko elkarrizketa batean Peltierri: "Jakin izan bazenu [zure militantzia politikoak] 40 urte espetxean egotera eramango zintuela, berriro egingo al zenuke?". Eta Peltierren erantzuna argia da oso: "Munduko beste herri guztiek bizitzeko duten eskubide bera dugu guk ere bai. Beraz, bai, berriz egingo nuke, nire jendearen eta herriaren mesedetan".