argia.eus
INPRIMATU
“Pensilvaniako apaiztegietan pedofiloak hezten dituzte”
  • Mila adingabek baino gehiagok pairatu zituzten apaizen abusuak, txosten batek azaltzera eman duenez. John Delaney da biktimetako bat eta gertakariaren xehetasunak azaldu ditu EFEk egindako elkarrizketan.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko abuztuaren 21

1980 urte inguruan hasi ziren abusuak Filadelfiako parrokia batean. John Delaneyk egun 48 urte ditu eta hamaika urte zituenean James Brzyski apaizak bortxatu zuela salatu du. “Nire haurtzaroa hondatu zuen eta ezin da berreskuratu. Gurasoak guztiaren jakitun zirela esan zidan eta dena onartzen zutela”.

Dioenez, garai hartako oroitzapenak ahazteko, alkohol eta drogekiko dependentzia izan du gerora.

James Brzyski apaiza ez da inoiz kondenatua izan. “Apaiztegietan pedofiloak hezten dituzte”, salatu du. Dioenez jendeak konfiantza handia du apaizengan eta pederastia sotanen azpian ezkutatzen da. “Arazorik izanez gero elizak babesten ditu”.

Euskal Herrian ere hainbat kasu

2017an aurkeztu zuten Alberto Barandiaran, Iñigo Astiz eta Miren Rubiok Pederastia kasuak Euskal Herriko Elizan liburua. Azaldu zutenez, hainbat kasu irten dira argitara baina beste batzuk isilaraziak ere badira.

Elizako goi-karguekin mintzatzeko zailtasunak izan dituztela gaineratu zuten.